Autogestioa eta auzolana ditu oinarri Atekabeltz Herriguneak. Horixe izan zen garai batean gaztetxea zena herrigune bihurtzeko abiapuntua, eta hemezortzi urteren ondoren, bide beretik segitzen du, herritarrentzat zabalik. Gaur egun, «Leitzako herri mugimenduarentzat ezinbesteko tresna» dela diote herriguneko kide diren Ibon Azpirotz Sosak eta Oihana Zabaleta Barandarainek. Aurten, bigarren urtez, Atekatu jardunaldia antolatu dute, eta hitzorduetara hurbiltzeko deia luzatu dute bi herritarrek. «Ikasteko, gozatzeko eta elkarrekin topa egiteko eguna» izanen dela aurreratu dute.
Aurten, bigarren aldiz, Atekatu jardunaldia antolatu duzue. Zein helbururekin?
Atekatu Atekabeltz Herriguneko herri eragileak elkartzeko sortu zen iaz. Pandemia ondorengo urtea izanik eta Atekabeltzen erabilera eta partaide kopurua gora zihoala ikusita, elkar topo egiteko espazio baten beharraz jabetu ginen. Hortaz, bertan parte hartzen dugun norbanakoak elkartu eta ospatzeko eguna sortzea erabaki genuen. Egun borobila izan zen. Aurten ere helburu horiei eutsi diegu.
Aurtengo egitarautik zer nabarmenduko zenukete?
Egitarau osoa nabarmenduko genuke, ekitaldiak osagarriak baitira. Festa honekin Atekabeltzen biltzen diren jardunak islatu nahi ditugu: kirola, hausnarketa politikoa eta soziala, kultur sorkuntza... Adibidez, Leitzeko Kontsumo Taldeak tomatearen inguruko erakusketa eta hitzaldi gidatua antolatu du, kartelak bertan eskuz serigrafiatu dira, otordua Atekabeltzeko zikiro/otordu taldeak prestatuko du. Larunbatean Leitzako hainbat borrokaren bisita gidatua eginen dugu herrian barna.
«Askotan, kalean, turistak gora eta behera ikusten ditugu eta ohartu ginen gure izatearen eta identitate eraldatzailearen erroak ez genituela ezagutzen»
Zer erakutsi nahi duzue herri mugimendu eta borroken inguruko bisita-poteo gidatu horrekin?
Askotan, kalean, turistak gora eta behera ikusten ditugu eta ohartu ginen gure izatearen eta identitate eraldatzailearen erroak ez genituela ezagutzen. Historia hurbilaren transmisiorako tresna txiki bat izanen da bisita gidatua. Herriko hainbat txokotan Leitzako herri mugimenduen historia azalduko digute lekukoek, ardoz lagundurik.
Atekatu ez da Atekabeltz Herriguneak antolatzen duen hitzordu bakarra...
Atekabeltz Herriguneko batzordearen egitekoa, berez, ez da ekimenak antolatzea, baina urtean zehar hiruzpalau kontzertu eta ekimen gutxi batzuk antolatzen ditugu, bertara iristen zaizkigun ekimenak egutegian txertatzen saiatzen gara, baina esan bezala, taldeak dira egitaraua osatzen dutenak.
Ibilbide luzea du Atekabeltzek. Guardia Zibilaren kuartela izan zen urte luzez, eta horiek beste eraikin batera joan zirenean, udalaren biltegi bihurtu zen. Eta ondotik gaztetxe. Duela urte batzuk gaztetxea herrigune bilakatu zen...
Gaztetxe izaten jarraitzen duen arren, bere egunean eraikinaren dimentsioa eta aukerak ikusirik, gazte asanbladak eta beste zenbait eragilek martxan jarritako proiektua da Atekabeltz Herrigunea. Autogestioa eta auzolana oinarri dituen espazio herritarra da. Beheko plantan gaztetxea dago eta goiko solairuetan antolaketarako, sormenerako eta eskalatzeko espazioak.
«Duela 20 urte ez genuen imajinatu ere eginen zeinen tresna baliagarria izanen genukeen gaur egun»
Atekabeltzen ibilbideaz nolako balorazioa eginen zenukete?
Aurten hemezortzi urte beteko ditu eta harrigarria da zenbat erabilera dituen eta mantso-mantso proiektua bera nola eraiki den ikustea. Hainbat adinetako parte hartzaileak ditu. Beraz, balorazioa oso positiboa da. Duela hogei urte ez genuen imajinatu ere eginen zeinen tresna baliagarria izanen genukeen gaur egun.
Zein dira Atekabeltzen biltzen diren eragileak?
Alde batetik, herri eragileak eta bestetik, sormena eta kirola lantzen dutenak. Beste askoren artean, Leitzeko Kontsumo Taldeak, mugimendu feministak, gazte asanbladak, zeramika eta serigrafia tailerrak, bertso eskolak, Habelartek, Kaxkabeltzak, ehoziri taldeak edo eskalatzaileek bertan dute egoitza.
Osasuntsu eta bizirik dago?
Zalantzarik gabe. Gaur egungo Leitzako herri mugimenduarentzat ezinbesteko tresna da.
Nolako antolaketa du Atekabeltzek?
Jabetza herriarena da, Leitzako Udalak utzia. Espazio autogestionatua eta autofinantzatua da. Batetik, kudeaketa batzordeak eguneroko martxa eramaten du; bestetik, hiru-lau hilabetean behin eragileetako ordezkariak biltzen gara elkarren berri izateko eta taldeen eta batzordearen arteko zubi lanak egin eta elkarren artean koordinatzeko. Eta gero; urtean behin edo bitan erabiltzaileen batzarrak egiten ditugu.
Nolako ekarpena egiten dio Atekabeltzek Leitzako herriari?
Herriguneak ekimen publikoak egiteko azpiegitura fisikoa zein teknikoa eskaintzeaz gain, antolatzeko eta sormenerako espazioa eskaintzen du. Hemezortzi urte hauetan ikaragarrizko kontzertu, tailer, antzerki, hitzaldi eta ekimen pila egin dira, asko eta asko Herri Aretoa izan aurretik Leitzan tokirik izanen ez luketenak. Antolaketarako eragileen tresna ez ezik, topalekua eta elkarlanerako tresna ere bada.
Herriko beharrak asetzeko sortu zen Atekabeltz. Gaur egun zein da lehentasuna?
Herriko beharrak asetzeko baino gehiago herritarren behar kolektiboei erantzuteko sortu zen eta gaur egun ere horixe da lehentasuna. Baina gaineratu behar da oso gutxitan gelditu dela ekimenen bat Atekabeltzetik kanpo, helburua herritarren antolaketa baita.
«Espero dugu etorkizunean garaiko erronkei erantzuteko tresna izatea»
Nolako etorkizuna ikusten diozue?
Ez dagokigu guri hori esatea. Espero dugu etorkizunean garaiko erronkei erantzuteko tresna izatea, belaunaldien arteko transmisiorako tresna eta sortu denaren topaleku izaten jarraitzea.
Atekatu jardunaldien egitarauaAtekatu jardunaldien bigarren edizioaren barrenean, hiru egunez hainbat hitzordu antolatu dituzte. Bide batez, aipatu behar da, larunbateko kontzertuetarako eta bazkarirako sarrerak Torrean eros daitezkeela, bazkarikoa eta kontzertuetakoa 25 eurotan eta kontzertuetakoa bakarrik zortzi-hamar eurotan. Maiatzak 4• 19:00etan Tomatearen Bidaiak. Kolonialismoa, globalizazioa eta bertakotasuna erakusketa gidatua Marta Barbarekin. Maiatzak 6• 12:00etan herri mugimenduei eta borrokei buruzko bisita-poteo gidatua plazatik abiatuta. Maiatzak 11• 19:00etan Pamir 2021. Harkaitza eta izotza hitzaldia eta proiekzioa Ekaitz Maizekin. |