Maiatzaren 13an bukatuko da Leitzako kiroldegiko instalazioan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 10:30

Argazkia: Leitzako Udala.

Martxan da Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitatea. Eta dagoeneko kiroldegian eginen duten eguzki panel fotovoltaikoen instalazio kolektiboan parte hartzeko epea ireki dute. Maiatzaren 13ra arte izanen da horretarako aukera. Horrez gain, aste honetan eta hurrengoan informazio gunea zabalduko dute.

Joan den ostiralean Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitateko bilera egin zuten Herri Aretoan, eta besteak beste, kooperatiban bazkidetu eta ondoko hilabeteetan eginen duten kiroldegiko lehen proiektuan parte hartzeko baldintzen inguruko informazioa eman zuten.

Bazkide egitea ekimenari babesa emateko eta kiroldegiko proiektuan parte hartzeko derrigorrezkoa izanen da, baita bestelako zerbitzuetan parte hartzeko aukera izateko ere. Horretarako, 60 euroko ekarpena egin beharko da.

Aipatu bezala, kiroldegiko proiektuan parte hartzeko bazkide izatea nahitaezkoa izanen da, baina horrekin batera, bakoitzaren instalazioari dagokion ekarpenaren aurrerapena ere egin beharko da; 100 eurokoa.

Izen ematea

Gaian interesa dutenek hainbat bide dituzte apuntatzeko: webgunearen bidez ordainagiriak erantsita, bazkidetzeko inprimakia eta ordainagiriak udaletxeko buzoian sartuta edo bazkide egiteko fitxa eta ordainagiriak informazio guneetara eramanez. 

Informazio guneak

Aste honetan eta hurrengoan hainbat egunez zabalduko dute Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitateko kideek informazio gunea. Atzo ireki zuten aurreneko aldiz eta ondoko egunetan ere ateak irekiak izanen dira:

  • Maiatzaren 5ean, ostirala: 17:00etatik 19:00etara.
  • Maiatzaren 6an, larunbata: 11:00etatik 13:00etara.
  • Maiatzaren 9an, asteartea: 17:00etatik 19:00etara.
  • Maiatzaren 12an, ostirala: 11:00etatik 13:00etara.
  • Maiatzaren 13an, larunbata: 11:00etatik 13:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun