Felix Loiarte Iribarren

«Argazkien bidez herriko bizia zabaltzen da»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 29a, 08:00

Argazkilaritza zaletasun duen goizuetarra da Felix Loiarte, eta kamerarekin esperimentatzea eta herriko bizitza eta ekitaldiak dokumentatzea du gustuko

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona isila naiz, lotsatia pixkat bat.

Zein dira zure zaletasunak?

Eskulanak atsegin ditut, baita ikusentzunezkoen edizioa, argazkiak, bideoak… ere. Onddo eta perretxikoak biltzea ere gustuko dut.

Noiz hasi zinen argazkilaritzarekin?

Argazkiak ateratzen 18-20 urterekin hasi nintzen, baina argazkilaritzarekin, orain 15 bat urte.

Nola ezagutu zenuen argazkilaritzaren mundua?

Txikitatik izan dut kuriositatea, ez da gauza jakin bat izan bultzatu nauena.

Eta nola ikasi zenuen argazkiak ateratzen?

Intuizioz ateratzea eta gustuko dudan ala ez ikustea izan da, gehienbat, nire ikasteko era. Azken urte hauetan, Interneta dela medio, tutorialak eta bideoak ikusiz. Gainera, etxekoak ikastaro labur bat oparitu zidaten makina batekin batera.

Zein argazki mota gustatzen zaizu gehiago egitea?

Erretratua gustuko dut, baita paisaiak ere.

Herriko ekitaldien argazkiak egiten dituzu. Garrantzitsua da herriko bizitza dokumentatzea?

Herriko ekitaldiak zabaltzea garrantzitsua iruditzen zait, nolabait herriko bizia zabaltzen du. Eta festa giroan, argazkia ateratzeko jendea gustura jartzen dela ikusteak, gustura sentiarazten nau.

Noizbait bertzelako argazkilaritza motarik probatu duzu?

Kamerarekin esperimentatzea gustatzen zait; diafragma eta abiadurarekin jokatzea, ez-ohiko ikuspuntutik saiatzea… hau denborarekin hartzen dudanean, baina normalean argazki azkarrak ateratzea tokatzen zait.

Digitala edo analogikoa nahiago?

Gaur egun digitalaren aldekoa egingo nuke, analogikoak beste baliabide batzuk eskatzen dituelako, eskuratzeko zailagoak direnak, errebelatzea etab. Digitalak, berriz, editatzeko, muntatzeko… aukera ematen du. Hori bai, bukaera analogikoa, paperean, oso egokia iruditzen zait.

Zure asmoak epe motzera?

Aspaldian atera izan ditudan argazkien negatiboak digitalizatzea gustatuko litzaidake, horretan hasia naiz.

Eta epe luzera?

Ez dut asmo berezirik, momentuan epe motzeko asmoekin nahiko dut, baina, auskalo…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun