Ostiral honetan hasiko da Mingañe Saltsan sariketa

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 20a, 15:00

Iazko edizioan hartutako irudia.

Atekaberts Leitzako Bertso Eskolak bigarren aldiz Mingañe Saltsan bertso-afari sariketa antolatu du eta aurreneko saioa bihar Azkaraten eginen dute.

Joan den urteko arrakasta errepikatzeko gogoz, eta «lagun arteko giroan bertsoaz gozatzeko», aurten ere Mingañe Saltsan bertso-afari sariketa antolatu du Atekaberts Leitzako Bertso Eskolak, Leitzako Udalaren, Uitziko Kontzejuaren eta Larraungo Udalaren, Azkarateko kontzejuaren eta Goizuetako Udalaren laguntzarekin. Aste honetan hasita, hiru finalaurreko jokatuko dituzte eta ondoren finala maiatzaren 19an Leitzan. 

Lehen finalaurrekoa Azkaraten eta bigarrena Uitzin

Ostiral honetan, apirilaren 21ean, Azkarateko elkartean, eginen dute aurreneko saioa.  21:00etatik aurrera sei bertsolari hauek ariko dira kantuan: Ane Zuazubiskar, Etxahun Lekue, Aroa Arrizubieta, Aratz Igartzabal Potto, Ainhoa Agirreazaldegi eta Xabat Illarregi leitzarra. Bertso afari sariketako sarrerak Beteluko ostatuan eta Arribeko gasolindegian eros daitezke.

Bigarren kanporaketa apirilaren 28an Uitziko elkartean eginen dute, hori ere 21:00etan. Beste sei bertsolarik hartuko dute lekukoa: Miel Mari Elosegi Luze leitzarrak, Onintza Enbeitak, Millan Telleriak, Maddi Ane Txoperena lesakarrak, Iñaki Zelaiak eta Amaia Iturriotzek. Sarrerak, 25 eurotan, Ainhoa tabernan eta Maimur liburu dendan eros daitezke.

Hirugarrena Goizuetan

Hirugarren eta azken finalaurrekoa Goizuetan izanen da. Maiatzaren 5ean, 21:00etan, Umore Ona elkartean bilduko dira eta Arrate Illaro, Agin Laburu, Ekhiñe Zapiain beratarra, Diego Riaño leitzarra, Maialen Akizu eta Eneko Araiztegi Korta ariko dira bertsotan. Sarrerak Goizuetako Amaia kafetegian eta estankoan eros daitezke. Aurreko saioetan bezala, 25 eurotan izanen dira.

Finala Leitzan

Horien artean sei bertsolarik lortuko dute finalerako txartela. Finala, berriz, maiatzaren 19an Leitzako Torrean izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun