Pedalkadaz pedalkada lanean gogor segitzen du Leitzako Aurrera txirrindulari taldeak, eta hemendik aurrera ere, bidea egiten segitu nahi du. Txirrindulari handien kabi izan da herria, eta halaxe gogoratu nahi izan du Aurrera txirrindulari taldeak: «Azken urteotan onenen artean izan dugu erretiratu berri den Mikel Nieve, eta gaur egun haien artean dabil bizkor Ibai Azurmendi. Mutikotan egin zuten lanaren ordain, uzta ona izan dugu herrian».
Baina horiez gain, «maila xumeagoan, profesionalek bezalaxe Euskal Herriko hainbat paraje eder zeharkatzen dituzten Aurrera taldeko gure txirrindulariak» aipatu nahi izan dituzte Aurrerakoek. «Beharbada hauetakoren bat ikusiko dugu egunen batean Euskal Herriko Itzulian lehiatzen, baina hala ez izanda ere, bizipen ederrak izanen dituzte beraien lasterketetan eta ateraldietan». Hain zuzen, Aurrerako txirrindulariek laguntza izan dezaten, azpiegitura egituratzeko ahaleginetan ari da gaur egun taldea: «badaukagu oinarrizko materiala edukitzeko areto txiki bat (gurpilak, erremintak, bizikletak garbitzeko gaiak...); aurten auto eder bat jarri dugu lasterketetan txirrindulariei babesa emateko beharrezkoa den guztiarekin; eta garrantzitsuena, tropelean urte askotako eskarmentua daukan zuzendari trebatua: Eugenio Goikoetxea». Gurasoak, berriz, «denen artean zertxobait lagunduz ederki moldatzen ari gara guztia aurrera eramateko», adierazi dute.
Ateak zabalik
Gaur egun hainbat kategoriatan ari dira Aurrerako txirrindulariak: nesketan haurren mailan eta mutiletan infantiletan, kadeteetan, juniorretan eta master kategorian; mendiko lasterketetan, pistakoetan zein errepidekoetan ibiltzen dira». Aurrera txirrindulari taldeak jakinarazi duenez, Areso, Aldatz, Leitza eta Lekunberriko txirrindulariak dituzte taldean, baina ateak zabalik dituzte: «Prest gaude txirrindularitza euskaraz bizi nahi duen eskualdeko edonor taldean onartzeko; gure nortasuna baztertu gabe, gure jarduera guztia gure hizkuntzan egiten baitugu». Hala, «animatzeko» deia luzatu dute.
Bide batez, bestelako mezua ere egin dute: «Negozioren edo enpresaren batek errepideetan publizitatea egin nahi badu, edo besterik gabe, eskualdeko txirrindularitza lagundu nahi badu, jar dadila gurekin harremanetan».