«Ilusio eta gogo handiz bizi dut fitxaketa. Kern Pharma Taldean dudan rol berria interesgarria iruditzen zait, batez ere ideiak partekatzen ditugulako. Lan horrek asko erakartzen nau», onartu du Mikel Nievek. Txirrindulari ohiaren ustez, garrantzitsua da «lana, iraunkortasuna, egunero hobetzen saiatzea eta daukazun onena ematea, balio horiek transmititzea. Talde honetan, aurrera egiteko ilusioa eta gogoa dutela ikusten dut. Nire helburua ahalik eta etekin handiena ateratzen laguntzea izango da», gehitu du.
Kern Pharma taldeko teknikari berriak bere esperientzia baliotsu eta handia emango dio talde gazteari, eta «errendimendu-arloen, kirol-zuzendaritzaren eta txirrindularien arteko lotura» izaten saiatuko da. Aldi berean, kirol-zuzendaria izango da: «Mutilak ulertzen saiatuko naiz, nola dauden, zer sentitzen duten eta zuzendariek zer eskatzen duten jakin nahi dut. Karrera bat prestatu eta zuzentzeak ere motibatzen nau».
Eliteko txirrindularitzan eman dituen 15 denboraldietan, leitzarrak garaipen garrantzitsuak lortu ditu Italiako Giroan eta Espainiako Itzulian, besteak beste. 22 bira handitan parte hartu du, eta taldekide langile gisa nabarmendu da World Tour goi-mailako taldeetan, hala nola Team Sky edo Team BikeExchange taldeetan.