Asteburu honetan 'Momiak' eta 'To leslie' filmak ikusteko aukera izanen da Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 13a, 11:00

Hilabeteko hirugarren asteburua izanik, zinema izanen dute asteburu honetan Leitzan. Larunbatean eta igandean, apirilaren 15ean eta 16an, 16:30eko saioan Momiak eta 19:00etako saioan To Leslie filmak ikusteko aukera izanen dute Herri Aretora hurbiltzen direnek.

Bi filmak ikusteko sarrerak salgai daude. Momiak pelikularen kasuan, zine bonua dutenei 3,5 eurotan aterako zaie sarrera, online erosiz gero lau eurotan eta leihatilan bost eurotan. To Leslie filma, berriz, jatorrizko bertsioan emanen dute larunbatean. Gainerakoan, bonuarekin sarrera 4,5 eurotan aterako da, online erosiz gero bost eurotan eta leihatilan sei eurotan. Online erosi nahi izanez gero, leitza.eus atarian egin daiteke.

Momiak, euskaraz

Honela dio sinopsiak: «Egipton, lurraren erraietan, 3.000 urteko antzinatasuna duen momien hiri bat dago, eta han inperioak aginduta, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, inork ezkondu nahi ez duen arren. Baina jainkoen desirak saihestezinak dira, eta, beraz, zazpi egunetan ezkondu beharko dute, eta Thut faraoiak eman dion eraztuna ezkontzara eraman. Bitartean, lurraren azalean, Lord Carnabyk espedizio arkeologiko bat egiten du, eta lehen aldiz, zerbait garrantzitsua aurkitu du: ezkontza-eraztun bat duen hilobi egiptoar bat. Historiara pasatzeko aukera du, baina ez du uste eraztun horrek jabea duenik… Thut eraztuna lapurtua izan dela ohartzen denean, gizakien mundura igo beste aukerarik ez du, eta gaur egungo Londresen sartzen da. Bidaian lagun izanen ditu Sekhem, bere anaia; Croc, bere krokodilo maskota; eta Nefer. Elkarrekin, hiru momiak Londresen moldatu beharko dute Lord Carnabyk lapurtu dien eraztuna berreskuratzeko. Eta Thut eta Neferren asmoetan sartzen ez zen zerbait: elkar ezagutzea».

To Leslie

Pelikularen sinopsiak honela kontatzen du: «Benetako gertaeretan oinarrituta, Leslie Texasko mendebaldeko ama ezkongabearen istorioa kontatzen du. Duela sei urte loteria irabazi zuen, baina saria berehala xahutu zuen, dena jaietan eta alkoholean gastatuz. Etxetik bota zuten, eta semearengana joan zen, bere bizitzaren norabidea berreskuratzeko asmoz».

Maiatzean gehiago

Maiatzeko film eskaintza ere jakinarazi dute dagoeneko. Maiatzaren 6an eta 7an, Oink-Oink eta 20.000 especies de abejas izanen dira ikusgai, eta maiatzaren 20an eta 21ean No somos nada dokumentala eta Amsterdam filma. Horietara joateko sarrerak ere online eskura daitezke Leitzako Udalaren webgunean. Horiek izanen dira ikasturteko honetan Leitzako Herri Aretoan emanen dituzten azken filmak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun