Atekaberts Leitzako Bertso Eskolak bigarren urtez antolatu du Mingañe Saltsan sariketa, Leitzako Udalaren, Uitziko Kontzejuaren, Larraungo Udalaren, Azkarateko Kontzejuaren eta Goizuetako Udalaren laguntzarekin.
Hiru finalaurreko izanen ditu sariketak eta bakoitzean sei bertsolari ariko dira kantuan. Horietako batzuek lortuko dute finalerako txartela.
Lehenbiziko finalaurrekoa apirilaren 21ean Azkarateko elkartean eginen dute, 21:00etan. Ane Zuazubiskar, Etxahun Lekue, Aroa Arrizubieta, Aratz Igartzabal Potto, Ainhoa Agirreazaldegi eta Xabat Illarregi leitzarra ariko dira bertsotan. Sarrerak Beteluko ostatuan eta Arribeko gasolindegian eros daitezke, 25 eurotan.
Bigarren finalaurrekoa apirilaren 28an izanen da, kasu horretan, Uitziko elkartean. 21:00etan hasiko den bertso afari saioan Miel Mari Elosegi Luze leitzarra, Onintza Enbeita, Millan Telleria, Maddi Ane Txoperena lesakarra, Iñaki Zelaia eta Amaia Iturriotz ariko dira. Sarrerak Ainhoa tabernan eta Maimur liburu dendan eros daitezke, 25 eurotan.
Hirugarren eta azken finalaurrekoa Goizuetako Umore Ona elkartean jokatuko dute. Maiatzaren 5ean izanen da, 21:00etan, eta hitzordu horretarako sarrerak ere dagoeneko salgai daude; Goizuetako Amaia kafetegian eta estankoan, 25 eurotan. Beste sei bertsolari ariko dira Goizuetako saioan: Arrate Illaro, Agin Laburu, Ekhiñe Zapiain beratarra, Diego Riaño leitzarra, Maialen Akizu eta Eneko Araiztegi Korta.
Finala maiatzaren 19an Leitzako Torrean izanen da.