Aresoko jubilotekako ateak zabalik daude nahi duenarentzat

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 7a, 11:00

Teresa eta Joxepa jubilotekako erabiltzaileak Ainhoa Ansa hezitzailearekin.

Asteazkenero udaletxean biltzen dira eta era askotako jarduerak egiten dituzte

Irribarretsu ageri dira argazkian Teresa eta Joxepa, Ainhoa Ansa hezitzailea erdian dutela. Halaxe pasatzen baitute astean behin jubilotekako hitzordua, pozik. Asteazkenero udaletxeko aurreneko solairuan biltzen dira, 10:00etatik 13:00etara, eta Ansak nabarmendu duenez, «giro polita izaten dugu». 

«Etxetik ateratzeko aitzakia polita» dela gaineratu du, askorako ematen baitu jubilotekak: «Astean goiz bat zerbait desberdina eginez pasatzekoa, lagun gehiagorekin batera; burua, atentzioa, memoria... lantzeko ariketa edo joko batzuk, eskulanen bat tarteka, batzuetan kantatu, beste batzuetan sortu, txikitako oroitzapenak edo bizipenak elkarbanatu...». Eguraldi ona bada, paseo bat emateko ere aprobetxatzen dute, eta txarrarekin gorputza mugitzeko ariketa lasaiak egiten omen dituzte. Ansak argitu duenez, «herriko jendearekin ere elkartzen gara». 

Probatu nahi duenak ateak zabalik ditu. Gizarte zerbitzuetara dei dezake (948 51 08 40), eta gustatzen bazaio, jubilotekara joaten hasi. Hilean bost euro ordaindu behar dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun