Bizi arriskuan, bizitzako garaipen onena Ide Schelling-entzat Leitzan

Andoni Urbistondo 2023ko api. 5a, 07:00

Ide Shelling etapa garailea, Leitzako podiumean udal ordezkarien eskutik saria jaso ondotik.

Herbehereetakoak zirrikitua bilatu du azken kilometroan buruan jarri eta garaipen handia lortzeko; Mikel Landak bakarrik jokatu du ausart Saldiasen, baina beste oilarrek kontserbadore jokatu dute

Basakabitik Leitzarainoko bidea ezagutzen duenak badaki han deskuido bat izateak zer dakarren: muturreko galanta. Hori zikloturista izanda. Profesionalak bizi arriskuan jaistea ikusteak beldurra eragiten dio ikusle ausartenari ere. Lau kilometro eta erdiko jaitsiera hiru minutu eta erdian egin du tropelak, eta 30 bihurgune pasa emanda. Asko gaizto-gaiztoak. Ondo jaistea, arriskuak hartzea profesionalen lana, zeregina ere bada, baina edozeini bihotza bere lekutik ateratzen zaio Basakabiren moduko jaitsieretan.

Ide Schelling izan da arriskuak hartu dituenetako bat. Ez baina, jaitsiera osoan, bukaeran baizik. Tropeleko lehen 10-15 tokietan egin du jaitsiera, eta Leitzako lehen kaleetan sartzearekin bat zirrikitua bilatu du errepideko ezkerraldetik. Kilometro osoa falta zuen helmugaraino, baina Herbehereetakoak esprint bizia eta azkarra egin du azken biribilguneraino. Lehen postua nola edo hala babestu behar zuela bazekien, eta hala egin du. Biribilgunetik buruan atera da, eta azken 100 metroetan garaipena ziurtatu. Tarte hain txikian ez baitzegoen modurik aurkariek Bora taldekoa gainditzeko. Sobrero izan da bigarren, eta maila bikaina ematen ari den Gaudu hirugarren.

Etapak, bestelakoan, espero zena baino gutxiago eman du. Saldiasen gora bazen oilarren tropela hausteko terreno egokia, baina Mikel Landak bakarrik jokatu du ausart. Bakarrik egin du ihes, eta horrek ito du bere ahalegina. Beste oilarrek kontserbadore jokatu dute, eta morroiek aise mantendu dute Landa kontrolpean. Beste batzuen iritziz erasoak zentzurik ez zeukan, Saldias helmugatik oso urrun zegoelako, baina txirrindularitza ausarta bizitzen ari garen aro honetan arriskurik hartzen ez bada erdizka geratzeko arriskua handia da.

Gaur Errenteriatik Amasa-Villabonara

Atzo alderik ez, onenen artean, gaur beharko du Amasa-Villabonako Hika Txakolindegiko bukaera pikoan. 163 kilometroko etapa jokatuko da, Errenterian hasi eta Amasa-Villabonan bukatu. Bihurria da, oso, etapako bigarren zatia, batez ere. Anoeta, Zizurkil eta Amasa-Villabonako baserri bideetan barrena egingo du martxa tropelak lasterketa azken 30 kilometroetan, eta baserri bideak arriskutsuak izateko osagai guztiak dituzte: estuak, malkartsuak, sigi-sagatsuak... Sarasola sagardotegian gora hasiko dira festak, Zizurkilgo Kanposantura daraman bide zaharrean ondoren, Adunan urruneko azken saiakera, eta Hika Txakolindegikoa bukatzeko. Euskal Herriko Huy horma: %20ko batez bestekoa 300 metrotan, eta %26ko malkarrak. Igitaigintza ikastaro azkarra, bihar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun