Horrekin batera, egin berri dituzten herriko batzarretan «aurreko agintaldietan EH Bilduk Leitzako Udalean lan bikaina» egin duela ondorioztatu du: «herriaren garapena eta bizitasuna sustatzeko eta indartzeko hainbat bide ireki eta hainbat proiektu garatu ditu; herriaren nortasuna eta kultura suspertu eta lagundu ditu; azpiegitura garrantzitsuak eraiki eta bideratu ditu; udalaren zerbitzuen kudeaketa egokia eta eraginkorra egin du; udala gardentasunez eta auzolana sustatuz kudeatu du; bere jardunean euskara, berdintasuna eta ingurumena zehar-lerro gisa finkatu ditu…».
Hala, udal talde berriaren erronka «2023-2027 agintaldian ere egindako bide horri eustea» izanen dela nabarmendu du Leitzako EH Bilduk, baita «Leitzako eragile nahiz herritar guztiekin batera herri bizia, inklusiboa, euskalduna, berdintasunean oinarritua eta parte-hartzailea eraikitzea».