Saioa Sagastibeltza Ganboa

«Oso serio hartzen dugu udaletik ateratzen den edozein informazio»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 1a, 14:00
Saioa Sagastibeltza Ganboa, Leitzako Udaleko komunikazio arduraduna

«Egunerokoan ahal duen guztia eginez, bizitzaz disfrutatzen ahalegintzen den emakume leitzarra» da Saioa Sagastibeltza Ganboa, «tarteka frenoa jartzea ahazten zaion horietakoa». Lagunartea, festa, bidaiatzea, kirola, musika… zaletasun ugari ditu; «ez dut sekula aspertzeko betarik izan. Orain, familiak, lanak eta udalak okupatzen dizkidate egunaren orduak». Izan ere, Leitzako Udaleko komunikazio arduraduna da, eta irakasle lanekin uztartzen ditu bere udaletxeko eginbeharrak.

Herria aldatu nahian

2019an sartu zen alkatetza taldean, «Mikel alkateak eta Nahikari zinegotzi eta lagunak xaxatuta». Argi du «herria hobetzekotan, lanari ekin behar zaiola. Askok uste dugu jendarteko arlo askotan gauzak beste modu batera egin beharko liratekeela, baina kexak alde batera utzi eta saiatzen ez bagara, lehengo lepotik izanen dugu burua».

Bertan, komunikazioaz arduratzen da: «batzuetan egiten dudanak ezer gutxirako balio duela iruditzen zait; beste batzuetan, aldiz, sekulako itolarria sartzen zait esku artean ditugun gai guztiekin. Sare sozialak, web orria, hedabideak, herritarrei zabaldutako ekimen bereziak… alderdi asko landu behar izaten ditugu!». Izan ere, «talde osoaren ahaleginekin lortutako fruitua herritarrei gerturatzea dugu helburu, eta horrek dedikazio dezente eskatzen du».

Komunikazioa hobetzen

Karrape irratia online eskaintzea, leitza.eus webgunea berritzea eta whatsapp bidezko InfoLeitza hedapen zerrenda «izan dira egin ditugun aurrerapaso handienak agintaldian. Gainera, InfoLeitzan dagoeneko 1.000 herritar gaude». Hala ere, komunikazioa hobetzen segitzeko, «hurrengo agintaldirako lanik ez dela falta» aitortu du.

«Herria hobetu nahi badugu, lanari ekin behar zaio»

Udalaren erabakiak eta jardunak ezagutzera ematean, «herritarrekin argiak izaten saiatzen gara. Udal taldeko kideek asko hausnartzen dugu edozein mezu argitaratzekoan eta oso serio hartzen dugu udaletik ateratzen den edozein informazio, herritarren gehiengoa ordezkatzen dugula kontuan hartuz. Bestalde, mezuak esanguratsuak, laburrak eta zehatzak izatea, euskara txukunean idatzita egotea, kontu berarekin behin eta berriz inor ez aspertzea… halako irizpideak izaten ditugu buruan».

Lau urte hauetan «erronka ugari» izan dituzte, «baina pandemia garaia izan da zailena; (des)informazioa, informazio kontraesankorren bonbardaketa, ezjakintasuna… denetik bizi izan genuen eta zer komunikaru eta zer ez erabakitzean nahiko buruhauste izan genuen taldean. Asmatu ala ez, gure ardura ahal genuen hobekien betetzen saiatu ginen». Horrez gain, «Herri Aretoaren irekiera eta lehen denboraldia prestatzeak lan karga handia ekarri zuen. Eskerrak orain kultur teknikaria daukagun».

Hezkuntzarekin uztartuz

Komunikazioaz gain, hezkuntzako lantaldean ere sartua da Sagastibeltza; «Iñigo Alduntzin eta biak joaten gara herriko hiru ikastetxeetako eskola kontseiluen bileretara. Bertan planteatzen dituzten gaiei herritarren interesetik begiratzen diegu eta dagokionean esku hartu. Adibidez, Hezkuntza Sailak institutuko jangela zerbitzua murriztu du eta nahiko lan eman digu horrek».

Baina udaletik kanpo ere irakaskuntzan aritzen da, Lehen Hezkuntzako tutorea baita duela hamar urte Gipuzkoako eskola txiki batean. «Izugarri gustura aritzen naiz, umeekin egunero sorpresa bat delako. Ingelesa irakatsiz hasi banintzen ere, azken aldian matematika eta hezkidetza arloetan murgilduta nabil».

Hala ere, ez da erraza dena bateratzea; «lehendik familia eta eskola uztartzea zaila bazen, horri udaleko ardurak gehitzen zaizkio orain. Lehentasunak oso argi izatea eta antolaketa on bat edukitzea ezinbestekoa da. Familiaren babes eta laguntzarik gabe, kaosa izango litzateke etxean».

Etorkizunera begira

«Unean unekoari ahalik eta modu eraginkorrenean erantzutea» du asmo nagusia, «nire bikotekidearekin eta bi umeekin egunerokoa disfrutatzea, eskolan ditugun proiektu ederrekin ikasten eta gozatzen jarraitzea eta udaleko agintaldi intentso baina aberats hau ahalik eta hobekien ixtea».

Azkenik, «herria hobetzeko ilusioa duen edonor udalera gonbidatu nahi nuke, lan erraza ez den arren, alternatibak sortzeko aukera paregabea baita. Gure kasuan, Herri Aretoa martxan utziko dugu, EBK lehen pausoetan, Mimukai irekitzear, hileta zibilak bidea hasita… baina asko dago oraindik egiteko. Ziur datorren etapan ere ideia eta behar berriak sortuko direla; ongi gauzatzen asmatzea izanen da erronka».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun