Itzuliaren bigarren etapa Leitzan bukatuko denez, igandetik aurrera ezin izanen da herriguneko zenbait eremutan aparkatu

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 29a, 20:00

Datorren asteartean, apirilaren 4an, Vianan hasi eta Leitzan bukatuko da Itzuliaren bigarren etapa eta horrek aparkalekuetan eragina izanen duela jakinarazi du Leitzako Udalak. Igandetik aurrera herriguneko eremu batzuetan ezin izanen da autorik aparkatu, eta horren partez, ostiraletik aurrera autoak aparkatzeko eremu berezia egokituko dute eskola eremuko zelaian. Etapa Leitzan bukatuko da baina Malerrekako hainbat herri ere zeharkatuko ditu Itzuliak.

Trafikoan eragina

Igandetik, apirilaren 2tik, aurrera Lopeneko biribilgunetik herrigunera hartuta, errepide nagusiko zati batean eta Herri Aretorainoko kalera bitartean ezin izanen da autorik aparkatu, ezta Herri Aretoko aparkalekuan ere. Uharte Gotzaiako eremu batek ere libre egon beharko du, baita plaza inguruak ere. Horrez gain, asteartean industrialdea txirrindularien ibilgailuentzat libre utzi beharko da.

Horren partez, eskola eremuko zelai handia autoak aparkatzeko egokituko du udalak. Ostiraletik aurrera izanen da erabilgarri.

Viana-Leitza etapa

12:30 aldera abiatuko dira txirrindulariak Vianatik eta gutxi gorabehera 15:30 aldera Uitzi aldetik Leitzara sartuko dira. Leitza zeharkatuta Arkiskil auzoan barrena Ezkurrako bidea hartuko dute. Segidan, Ezkurratik behera eginda, Saldiasera igo beharko dute, eta hortik aurrera Labaiendik, Beintzatik, Urroztik eta Oiztik pasatuko dira. Doneztebera ailegatutakoan, berriz Leitzako bidea hartuko dute. Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Lozabian pasatuta Ezkurrara ailegatuko dira, eta Arkiskil auzotik Leitzara jaitsi beharko dute. Hantxe izanen dute helmuga, 17:15-17:45 aldera.

193,8 kilometroko etapa izanen da, aurtengo Itzuliaren etaparik luzeena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun