Leitzatik sailkatutako Ivan Vinagre eta Franscisco Javier Ortiz 'Kiko' zazpigarren Euskal Herriko Mus Txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 27a, 13:00

Euskal Herriko muslari hoberenak Zornotzan (Bizkaia) bildu ziren joan den larunbatean, Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatzeko. Zazpi herrialdeetako 128 muslari aritu ziren lehian, tartean, eskualdeko zazpi. Horien artean, Leitzako kanporaketatik sailkatutako Ivan Vinagre eta Francisco Jabier Ortiz Kikok egin zuten aurrera, eta sailkapen nagusian zazpigarren gelditu ziren.

Hauek izan ziren finalean aritu ziren eskualdeko zazpi bikoteak: Garikoitz Larretxea eta Aritz Alunda (Elizondoko kanporaketatik sailkatutakoak), Xanti Ibargarai eta Iñaki Zapirain (Erratzu), Miguel Elizalde eta Bautista Mariezkurrena (Ezkurra), Miguel Salaberria eta Jokin Solano (Goizueta), Joxe Manuel Zabaleta eta Inazio Barandiaran (Leitza), Ivan Vinagre eta Fco. Jabier Ortiz Kiko (Leitza) eta Jabier Rekondo eta Aitor Makazaga (Leitza).

Guztira 128 muslari bildu ziren: Arabako 18 bikote, Bizkaiko 10 bikote, Baxenabarreko 18 bikote, Nafarroa Garaiko 32 bikote, Gipuzkoako 32, Lapurdiko 12 eta Zuberoako sei. Hasieran lau bikoteko 32 taldetan banatuta aritu ziren, eta hala, Vinagrek eta Ortizek lortu zuten final laurdenetara sailkatzea. Azkenean, zazpigarren gelditu ziren. Txapela, berriz, Irisarriko (Baxenabarre) Ramuntxo Ondarts eta Thierry Olaizolarentzat izan zen; final nagusian San Martin Unxeko (Nafarroa Garaia) Jose Luis Larari eta Herve Casari irabazi zieten. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun