Leitzan Baztarrolako errepikagailura doan errepidea asfaltatuko du gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 13:30
Argazkia: Leitzako Udala

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak 200.000 euro inbertituko ditu Leitzan, Basakabitik Baztarrola mendian dagoen telekomunikazio instalaziora doan 2,8 kilometroko bidea konpontzeko. Leitzako Udalak gogoratu duenez, aspaldiko eskaera da eta begi onez hartu du gobernuaren esku hartzea. Lanak irauten duten bitartean, errepidea itxita egonen da.

Udalaren arabera, «joan den mendeko 90eko hamarkadatik hasita, Leitzako Udalak askotan eskatu dio Nafarroako Gobernuari errepide horren zoladura konpontzeko, orduz geroztik oso egoera txarrean baitago». Egoera ikusita, 2020an udalak auzolanerako deia egin zien herritarrei, «errepide horretatik zirkulatzea eragozten zuten zulo nagusiak estaltzeko». Hori dela eta, gobernuaren esku hartzea «pozgarritzat» jo du, eta «herritar guztiek gogo onez» hartuko dutela uste du.

Dagoeneko hasi dituzten lanekin erretenak garbituko dituzte, bideraino ailegatzen diren adarrak moztu eta bidea garbituko dute. Horren ondoren asfaltatzeko lanak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun