Plazaola-Sakana-Ultzamaldea 2023-2026 Jasangarritasun Turistikoaren Plana aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 15a, 17:00
Nafarroako Gobernuko, Plazaola Partzuergoko eta udal ordezkariak bide berdean.

2021eko abenduko euriteek Plazaolako Bide Berdean eragindako kalteak moldatzeko lanak urte hasieran bukatu zituzten

Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak eta Maitena Ezkutari Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak Plazaolako Bide Berdea bisitatu dute, 2021eko abenduko euriteek Leitzatik Sarasara eta Urritzako tunelean eragindako kalteen ondorioz egindako konponketa-lanen ondotik. Plazaola-Sakana-Ultzamaldea 2023-2026 Jasangarritasun Turistikoaren Plana ere bertan aurkeztu dute.

Lehen proiektua Leitza eta Sarasa arteko bidearen (43 kilometro) zola berreskuratzeko obra da. Jarduketa horretan sartzen dira Uitziko tunela konpontzea, Latasako harri-lubeta edo Kasarna pasabiderako sarbidea: ezpondak, barandak edo itxiturak bezalako elementuak berritzea eta landare hondakinak kentzea, lohien galdaketak, besteak beste. 215.315,14 euroren truke egindako lana 2023ko otsailean bukatu zuten eta Europako funtsetik jasotako diru-laguntzarekin eta Aseguruen Kontsortzioaren kalte-ordainen bidez ordaindu da.

Bigarren proiektua Urritzako tuneleko obra berezia da: tunel osoan zuntzez hornitutako gunitatu bat eta kupula bulonatu bat, egonkortzeko eta lur-jausiak saihesteko. Nafarroako Gobernuak 155.712,24 euroko inbertsioa egin du eta Zubieder SL enpresak gauzatu ditu lanak. Bigarren lan hau 2023ko urtarrilean amaitu zen.

Mikel Irujo kontseilariaren hitzetan, «Plazaolako bide berdea funtsezkoa da Nafarroan turismoaren jasangarritasunaren alde egiten jarraitzeko. Funtsezkoa da gure merkatuaren eskaera eta mugikortasun zirkularraren aldeko apustua finkatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun