Aresoarrentzat sari, heldu da Panpanoziri izenburupean 2011ko abenduan kaleratu zuten aurrenekoz Panpanoziri aldizkaria. Orduan, besteak beste, Casilda Irazustari egindako elkarrizketa, Aresoko euskara edo garai bateko Aresori buruzko artikuluak eta herriko irudiak ageri ziren. Geroztik, bi urtetik behin argitaratu dute herriko kontuak, zaharrak eta berriak, biltzen dituen aldizkaria. Aurtengoa, zazpigarren alea izango da eta erreleboa eman eta lantaldea berritzeko momentu egokia dela pentsatu dute.
Martxoaren 14an bilera
Martxoaren 14an, arratsaldeko bostetan, udaletxean egingo dute aurtengo aldizkaria prestatzen hasteko lehenbiziko bilera. Horregatik, inoiz baino gehiago, interesa duten herritarrak animatu eta parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.
Orain arte, bospasei herritarrek osatutako taldea aritu izan da elkarrizketa eta erreportajeak egin, argazkiak bildu, denbora-pasak prestatu… eta euskara teknikariarekin batera aldizkaria osatzen. Asko dira landu dituzten gaiak: adinekoen ahotik entzundako istorioak, iragana eta oraina alderatzen dituzten kontu eta argazkiak, sokatira taldeari buruzkoak, Lagunarteko festa eta abenturak, eskolaren ehun urteek emandakoak… eta oraindik ere bada zer kontatua.