Urteetan, «ama hitza hizki larriz idatzi zaigu, nolako ama izan behar dugun erakutsiz, eta emakume asko dira amatasun edo ez amatasun askeago baten bila ari direnak». Izan ere, «ezin dugu pentsatu etxetik kanpo lan egiten dugulako edo aitatasun bajak luzatu direlako berdintasunera ailegatu garenik. Emakumeon gaineko presioa ez da desagertu: adin batean ama izan behar duzu, titia eman baina titirik gehiegi erakutsi gabe, lan munduan aurrera egin desordutan etxetik kanpo ibili gabe, ama izan aurreko figura fisikoa berreskuratu…».
Literaturak «munduari beste begi batzuekin begiratzeko aukera» ematen dio. Hala ere, «oso idazle gutxi bizi dira idazketatik. Nik argi daukat nire ibilbide profesionala irakaskuntzan dagoela, eta horrelaxe izatea nahi dut». Azken urteetan, «euskal letretan sortutako ahotsik interesgarrienak emakumeenak izan dira; Eider Rodriguez nobelagintzan, Uxue Alberdi fikzioan eta saiakeran, Uxue Apaolaza ipuingintzan, Castillo Suarez eta Miren Agur Meabe olerkigintzan… beraien lekua egiten ari dira». Hala ere, «emakumezkoek beti bikoitza demostratu behar dugu». Gainera, «gizon askok oraindik uste dute gure lanetan ‘emakumeen kontuez’ bakarrik ari garela. Aldiz, gizonezkoen gaiak neutroak dira nonbait, denoi interesatu behar zaizkigunak».
Honez gain, «azken aldian eta sarri tonu iraultzailez mozorrotua iristen ari den feminismoaren aurkako diskurtso oldearen aurrean, ahizpatasuna eta borroka inoiz baino beharrezkoagoak direla» dio Gorostarzuk; «martxoaren 8a indar erakustaldia da, garrasia, leherketa, egunerokotasunean bidea egiten jarraitzeko». Etorkizuneko erronkak finkatzeko, «gaiaz gehiago dakiten adituak irakurriz eta entzunez formatzen saiatzen naiz. Eztabaida ugari mahai-gainean daude: zaintza, soldata arrakala, prostituzioa, haurdunaldi subrogatua… eta zapalkuntza modu berriak etorri ahala, erronka berriak sortuko dira».