M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

«Batzuetan emakumearen hitza ez dute hain serio hartzen»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 12a, 10:00

2015etik bere ikerketa talde propioa dauka Lujanbiok: Lujambio Laboratory.

Ikerketan bide luzea egina du Amaia Lujanbio Goizuetako zientzialariak. Iruñean egin zituen biologia ikasketak, Madrilen tesia eta 2010. urtean New Yorkera joan zen.

2015etik Monut Sinai ospitaleko Icahn medikuntza fakultatean bere ikerketa talde propioa dauka: Lujambio Laboratory. Bertan, gibeleko minbiziaren ikerketan dihardu. Laborategi propioa izatea «ordu askotako lanaren emaitza» dela dio, eta orain ordu gutxiago sartzen dituen arren, horiek «ardura handiagokoak eta intentsuagoak» direla.

«Harrotasuna eta ardura» biak sentitzen ditu ikerketa taldearen arduradun izanda. Argi dio: «emakumeak gizonak bezain onak dira zientzian, horretan ez dago desberdintasunik. Diferentzia kargu inportanteetan ikusten da, oraindik ere gizonak maizago ikusten direlako, nahiz eta emakumeak oso onak izan». Bere ibilbidean, emakume izateagatik oztopo haundirik ez duela izan dio, nahiz eta mikromatxismoak badaudela dioen: «Gauza txikiak izaten dira, baina zeure buruari galdetzen diozu: hau niri gertatzen zait ni naizelako, edo emakumea naizelako? Batzuetan emakumea bazara zuk esaten duzuna ez dute hain serio hartzen».

Berdintasunerako bidean zientzian zer egina badagoela uste du: «Karrera zientifikoa hastean ez dago emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunik, baina, emakumeak haurrak izaten hastean horrek beti eragiten die beraiei, eta horrek eragiten du goi karguetan gizonak egotea».

Martxoaren 8aren bueltan ere mezua luzatu du: «Gizonak eta emakumeok gaitasun berdinak ditugu, eta potentzial berdina badugu, soldatak eta aukerak berdinak izan beharko lukete. Borrokatzen segitu behar dugu, eta denok dugu ardura».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun