2019ko urrian hasi zuen Leitzako Udalak Inguruarte eremua berreskuratzeko proiektua. Garai batean oso erabilia bazen ere, azkeneko urteetan alde batera utzitako lekua zen Inguruarte, eta espazioari erabilpen berri bat emateko erabakia hartu zuen udalak. Horretarako, parte hartze prozesua abiatu zuten 2019ko urrian, «espazio ludiko, lasai eta biltzeko gune atsegin bat» sortzeko. Eta nahi baino beranduago, baina azkenean maiatzerako lanak bukatuko direla aurreratu dio Nahikari Uriarte zinegotziak TTIPI-TTAPAri. Lanak bukatu orduko, herritarrentzako eskuragarri izanen da gune berria.
Lanak esleituta
Otsailean egin zuten obraren adjudikazioa eta martxoan hasiko dituzte lanak. Behin horiek hasita, maiatzaren hasierarako bukatzea aurreikusi dute. Berdegunean, bizikletekin, patinekin, skatearekin... ibiltzeko pump track zirkuitu bat eraikiko dute. Zelaia ere txukunduko dute eta txirristak, sokak, esertzeko lekuak eta oholtza bat eginen dituzte. Bi enpresa arduratuko dira lanak egiteaz. Valeriano Santesteban SL enpresak eraikiko du pump track zirkuitua, eta 56.889 euroko aurrekontua izanen du lanak egiteko, eta Goikomendi Ingurumen Zerbitzuak SL enpresaren egitekoa izanen da paisajismo lanak egitea, 61.200 euroko aurrekontuarekin.
Prozesu «luzea»
2019an abiatu zuten ingurua berritzeko proiektua, eta Uriarteren hitzetan «nahi baino gehiago» luzatu da prozesu osoa. Izan ere, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar izaten da erreka bazterrean diren lanak egiteko, eta tramitazio prozesua «luzea» izan da. Behin baimen guztiak lortuta, Landa Garapen Programak, EB eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta garatu dute proiektua.
Bereziki nerabeentzako gune bat sortu nahi izan dute, herrian gabezia hori zegoela detektatu baitzuten: «Herritarren iritzia biltzeko parte hartze prozesua abiatu genuen, eta lanketa berezia egin genuen Erleta eskola LH 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin, beraien beharrak asetzeko espazio bat sortzeko», kontatu du Uriartek.
Bizikletarekin, patinekin, patineteekin... erabiltzeko gune bat eskatu zuten, eta baita elkarrekin egoteko eta otorduak egiteko mahai batzuk ere. Hasierako proiektuan beste lan batzuk egitea aurreikusten bazuten ere, azkenean nerabeengan zentratzea erabaki dute, pump track gunea egiteko aurrekontua diru kopuruan igoz.
Aisialdi guneaz gain, udalak ere aurrekontuetan partida bat gorde du herritik Inguruarterainoko oinezkoentzako bidea moldatzeko. Auzolanez moldatzea aurreikusi dute, eta udalak tresnak eta materiala erosiko ditu. Horrela, herritik abiatuta aisialdi gune horretara oinezkoen bide irisgarri eta segurutik joan ahalko da.