M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

Leitzako eta Aresoko Berdintasun Batzordeak egindako inkestaren arabera inguruko emakumeen % 89,2k indarkeria sexista jasan du

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 11:30

Indarkeria sexistari lotuta, inguruko neskek* eta emakumeek* izan dituzten bizipenak biltzeko galdetegia egin du Leitzako eta Aresoko Berdintasun Batzordeak, eta horren emaitzak aurkeztu ditu Emakumearen Nazioarteko Egunean. Besteak beste, erasotzaileak batzuetan hurbileko gizonak direla, erasoak askotariko espazioetan gertatzen direla eta eraso gehienak intentsitate baxukoak direla ondorioztatu du, «ingurukoen arreta deitzen ez dutenak».

Joan den azaroaren 25aren bueltan abiatu zuen inkesta Leitzako eta Aresoko Berdintasun Batzordeak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, eta gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunean, jakinarazi ditu galdetegiaren emaitzak. 16 eta 65 urte bitarteko nesken* eta emakumezkoen* artean egin du inkesta eta hainbat ondorio atera ditu.

Noizbait jasan duzu erasorik edo jazarpenik?

Horixe izan da galdetegian aurreneko galdera eta % 89,2k baiezkoa erantzun du, noizbait erasoak edo jazarpenak jasan dituela. % 10,8ak baino ez du erantzun ezezkoa.

Non gertatu zaizkizu eraso horiek?

Datuek argi erakutsi dute «emakumeek erasoak edozein espaziotan jasan ditzaketela». Izan ere, % 73,3k herrian jasan dituela erantzun du eta % 76,2k herritik kanpo.

Zein eraso jasan dituzu?

Inkestaren egileen arabera, «eraso gehienak intentsitate baxukoak» izan dira, «baina horrek ez du esan nahi erasoak ez direnik, ez gutxietsi behar direnik». Honela diote datuek: % 46,4k onartu du bizi espazioa inbaditu diotela, % 70,9k begirada lizunak jasan dituela, %69,1ek piropoak, txistuak eta keinuak egin dizkiotela, % 65,5ek komentario sexistak egin dizkiotela eta % 65,5ek ukituak. Hortik ondorioztatu dute «erasoak diskretuak direla, sotilak, inguruak edo erasoa jasan duenak berak identifikatzerako orduan zailtasun gehiago sortzen dituztenak». Baina aldi berean, «garrantzitsua» iruditzen zaie «galdetegia erantzun duten emakumeek erasotzat identifikatu dituztela kontuan hartzea».

Nahiz eta gehien aipatzen direnak intentsitate baxukoak izan, emakume batzuk intentsitate altuko erasoen biktima izan dira: % 10ek mehatxuak jasan dituzte; % 0,9k sumisio kimikoa, % 11,8k indarkeria fisikoa eta % 0,9k bortxaketa.

Sexu harremanei dagokionez,  noizbait zure gogoz kontrako zerbait egin duzu?

Berdintasun batzordearen hitzetan, «deigarria» da sexu harremanei dagokienez, % 35,8k gogoz kontra zerbait egin izana. % 64,2ak baino ez du erantzun ezezkoa.

Zenbat urterekin jaso zenituen erasoak?

Datuen arabera, gehienek 16 eta 22 urteko adin tartean jasan dituzte erasoak, zehazki, % 68,3k. Baina 23 eta 30 urteen artean jasan dituztenen portzentajea ere aipatzekoa da; % 52,9. 16 urtez beherakoek jasandako datuei ere erreparatu die berdintasun batzordeak, % 28,8k onartu baitu adin horretan erasoak jasan izana. Gaineratu duenez, «emakumeen sexualizazioa gero eta gazteago gertatzen ari da eta adituek haurtzaroaren sexualizazioaz hitz egiten dute hori azaltzeko». 34 eta 40 urte bitartean % 13,5ek jasan du erasoa eta 40 eta 50 urte bitartean beste horrenbestek.

Ondorioak

Datu horietatik abiatuta, ondorio hauek atera ditu Leitzako eta Aresoko Berdintasun Batzordeak. Alde batetik, «erasotzaileak batzuetan hurbileko gizonak direla» dio, «eta horrek emakumeari egoera zailtzen diela». Bestetik, erasoak gertatzen diren espazioei dagokienez, «askotariko espazioetan» izaten direla baieztatu du, «ez festa giroan bakarrik». Horrez gain, «eraso gehienak intentsitate baxukoak» direla gaineratu du, «ingurukoen arreta deitzen ez dutenak. Horrek erasoa jasan duena bere burua zalantzan jartzera eraman izan du».

Egoera horren aurrean, «hasteko prebentzio sistema indartzearen» garrantzia nabarmendu du berdintasun batzordeak, baita «heziketa sexual efektiboa» egin behar dela ere. Eskuragarri dauden baliabideak ezagutaraztea ere inportantea iruditzen zaio, eta horrekin batera, «ezinbestekotzat» jo du «gizonen inplikazioa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun