Leitzako mugimendu feministak eta Gizarte Zerbitzuek bat egin dute martxoaren 8ko aldarrikapenekin eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabete honetarako.
Lehenbizikoa bihar hasiko den autodefentsa tailerra izanen da, Lañaidek talde feministak antolatua. Bi saio eginen dituzte, martxoaren 3an eta 31n, 16:30etik 19:30era. Izena emateko azken eguna gaur da, eta horretarako Anikote polikiroldegira joan edo taldeari Instagram bidez idatzi beharko zaio.
Martxoaren 7an, asteartea, Altxorraren bila antzezlana aurkeztuko dute Erleta eskolan 10:00etatik 11:00etara. Guraso Elkarteak antolatu du hitzordua eta 3-12 urte bitarteko ikasleei egonen da zuzendua.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, mugimendu feministak mobilizazioa antolatu du. 19:00etan plazan elkartuko dira ekitaldia hasteko.
Azkenik, martxoaren 12an, igandea, Hoy puede ser mi gran noche antzerki emanaldia izanen da 19:00etan Herri Aretoan. Leitzako Udalak eta Berditasun Batzordeak antolatu dute jarduera. Sarrerak salgai daude dagoeneko leitza.eus atarian 7 eurotan eta egunean ere leihatilan 8 eurotan eskuratzen ahalko dira.