'Irati' filma ikusteko aukera izango dute martxoaren 4an eta 5ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 2a, 09:00
Paul Urkijoren Irati filma ikusteko izanen da Leitzako Herri Aretoan larunbatean eta igandean.

Sarrerak udalaren webgunean eros daitezke: kultur bonuarekin 4,5 eurotan, online bost eurotan eta leihatilan sei eurotan

Hainbat sari jaso dituen eta Goya sarietan ere hautagai izan den Paul Urkijoren Irati film ezaguna herrian ikusteko aukera izanen dute leitzarrek. Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreen filma izanen da martxo hasieran Herri Aretoko zinema eskaintza. Martxoaren 4an eta 5ean, 19:00etako saioetan emanen dute.

Larunbatekoa azpitituluekin izanen da. Sarrerak dagoeneko salgai daude leitza.eus atarian. Bonua dutenei 4,5 eurotan aterako zaie sarrera, online hartzen dutenek bortz euro ordaindu beharko dituzte eta leihatilan hartuta sei euro.

Aipatzekoa da otsailaren 24an estreinatu berri dutela Irati zinemetan eta euskaraz egindako film baten estreinaldi arrakastatsuena izan da.

‘Yuku eta Himalayako lorea', 16:30ean

Ez da asteburu horretako pelikula bakarra izanen. 16:30eko saioan Yuku eta Himalayako lorea ikusteko aukera izanen da. Bonua dutenek 3,50 euro ordaindu beharko dute, sarrerak online hartuta lau euro eta leihatilan bost euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun