Lañaidek Leitzako neska* gazteen taldeak autodefentsa feministako tailerra antolatu du martxoan. Bi saio eginen dituzte, lehenengoa ostiral honetan, martxoaren 3an, eta bigarrena hilaren 31n, biak 16:30etik 19:30era. Tailerra neska* eta emakume* guztientzat dago zuzendua, eta izen ematea Anikote polikiroldegian edo taldearen Instagramera mezu bat bidalita egin daiteke.
Bertan, lau puntu landuko dituzte: kontzientziazioa (aurkezpena, ezagutza dinamika eta oinarri teorikoa), emozioak (espazio bitala eta mugak), erasoak eta erantzunak (erasoak detektatu eta nola erantzun) eta autoestimua (autoestimua lantzeko dinamika).
Autodefentsa feminista
Taldeak azaldu duenez, «historikoki, emakumea salbatua izan beharra den figura izan da, edo horrela irudikatu nahi izan gaituzte. Auto horrek emakume guztiok osatzen dugun kolektiboari egiten dio erreferentzia. Defentsa, berriz, egunero jasaten ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat ematea duelako helburu. Emakumeon aurkako indarkeria arazo estrukturala da; sistemak egunero legitimatzen ditu emakumeon aurkako erasoak. Beldurraz baliatzen dira emakumea kontrolpean izateko, izaki pasibo bihurtuz. Azkenik, feminista da balio justuagoetan oinarritutako harremanak lantzen dituelako. Autodefentsa feminista: emakumeengandik eta emakumeentzako egina».