Espainiako klub arteko pilota txapelketaren azken faserako sailkatu da Umore Ona

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 27a, 17:00
Umore Onak lortu du Espainiako klub arteko pilota txapelketaren azken faserako sailkatzea. Covaledako (Soria) Urbion B taldea izanen du arerio finalaurrekoetan.

Goizuetako klubak bi partidak irabazi zizkion larunbatean Lagunak-i Barañainen eta multzoko buru izan da

Goizuetako Umore Ona pilota elkartea Espainiako klub arteko pilota txapelketan bigarren mailako azken fasean ariko da, bere multzoko buru izan ondotik. Larunbatean Barañainen bi partidetako bat irabaztea aski zuen sailkatzeko, baina biak irabazi zizkion Lagunak-i.

Buruz burukoan, Umore Onako Egigurenek 10-8 eta 10-3 irabazi zion Lagunak-eko De la Torreri eta binakakoan, Umore Onako Beñat eta Antton Apezetxeak 10-7 eta 10-2 irabazi zieten Lagunak-eko Senosian eta Taintari.

Finalerdiak Soriako Covaledako Urbion B klubaren kontra

Agoizko Toki-Eder pilotalekuan jokatuko da azken fase hori asteburuan. Umore Onarekin batera, Lizarrako Izarra, Logroñoko Titin III eta Soriako Covaledako Urbión B taldeak sailkatu dira. Larunbatean 10:00etan hasiko dira finalerdiak, Izarra eta Titin IIIeko pilotarien arteko buruz buruko partidarekin. Bigarren partidan, buruz buru ariko dira Urbion B eta Umore Onako pilotariak. Hirugarren partidan binaka ariko dira Lizarra eta Logroñoko klubetako bikoteak eta ondotik, binaka, Goizueta eta Covaledakoak. Irabazleek finalak jokatuko dituzte igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun