'Berdintasunean hezten' goiburuarekin hitzaldia izanen dute asteazkenean Goizuetako udaletxeko ganbaran

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 27a, 16:00

LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatua, asteazken honetan hitzaldia eskainiko du Ageda Blasco Egiak Goizuetako udaletxeko ganbaran. Hitzordua arratsaldeko bostak eta erdietan finkatu dute eta interesatuta daudenek izena eman beharko dute Gizarte Zerbitzura deituz (948 510 840 edo Goizuetako Guraso Elkartera idatziz g.elkartea@hotmail.com

Haurren eta nerabeen gurasoei zuzendua

Ageda Blasco Egia aktibista, hezitzailea, ikertzailea eta artista da. Gizarte-bazterketarekin lotutako gaiak interesatzen zaizkio, hala nola indarkeria matxistak, sexu-aniztasunaren sustapena, neuro-dibergentzia eta osasun mentala. Bere jarduera begirada feministak, arteak, gorputz lanak eta Gestalt terapiak eskaintzen dituzten tresnetan oinarritzen da. Doktoretza tesia egiten ari da queer pedagogien eta praktika artistikoen inguruan.

Asteazken honetan 'Berdintasunean hezten' hitzaldia eskainiko du Goizuetan eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie gurasoei hitzaldiak irauten duen bitartean. Hori bai, zaintza zerbitzua nahi duenak, honako datu hauek eman beharko ditu izena ematerakoan: haurraren izen-abizenak eta telefono zenbaki bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun