Ttiki-ttikitatik maite izan du Maria Feo Miguelak (Leitza, 2004) gora eta behera ibiltzea. Gogoan du «ume garaian toki guztietara igotzen nintzela, zuhaitz guztietara». Ez du ahaztua aurreneko aldiz eskalatu zuen aldi hura ere: «lau edo bost urterekin izan zen. Erotua gelditu nintzen». Zaletasuna betitik izanagatik, berriki eman du entrenamenduekin hasi eta txapelketetan parte hartzeko pausoa. Hasi berria izateko, ordea, erakustaldi ederrak ematen ari da: 2021ean, Espainiako Abiadura Eskaladan hirugarren gelditu zen 18 urtez beherakoetan eta 2022an ere hirugarren egin zuen Espainiako Zailtasun Eskaladan 20 urtez azpikoen kategorian. Denboraldia «oso pozik» bukatu zuela aitortu du, eta dagoeneko hasia da datorrenari begira, «hobetzeko gogotsu». Haur Hezkuntzako ikasketak egiten ari da urrutitik, eta horrekin uztartzen du pasioz bizi duen eskalada.
Nondik heldu zaizu eskalatzeko zaletasuna?
Ttikitatik izan dut, eta berezkoa dela esanen nuke. Nire gurasoek ez dute eskalatzen eta nire inguruan ere ez dut jende asko ikusi eskalatzen. Ni, berriz, txikitan toki guztietara igotzen nintzen, zuhaitz guztietara.
Noiz joan zinen aurreneko aldiz eskalatzera?
Lau edo bost urte izanen nituen, Eskoriatzako Mundu Mira jaian. Eskalatzeko pareta bat zegoen eta probatu nuenean erotua gelditu nintzen.
Eta noiz hasi zinen eskalada serio hartzen?
Bere garaian, belauneko arazo bat izan nuen eta tarte luze batez kirolik egin gabe egon nintzen. DBHko lehenengo mailara arte herrian gimnasia artistikoa egin nuen eta futbolean ere ibili nintzen, baina oso gutxi, belaunak ez zidan utzi. Berriz kirola egin nahi nuela hasi nintzen, eta orduan erabaki nuen eskalatzen hastea. 2020-2021 ikasturtean Tolosako kiroldegian izena eman nuen eta entrenatzaile batekin hasi nintzen. Ordura arte ez nintzen eskalatzen ibiltzen. Gaur egun, Berriobeitin egiten ditut entrenamenduak.
Asko entrenatzen zara?
Bai, astean hiru entrenamendu saio egiten ditut rokodromo barrenean eta asteburuetan libreki eskalatzera joaten gara Etxaurira kanpoan ibiltzera. Gehiago aritzen naiz barrenean, baina nahiago dut kanpoan eskalatu, politagoa da. Hortaz aparte, egunero gimnasioan zerbait egin behar izaten dugu. Astean, guztira, 16-17 orduz egiten dut kirola.
Abiadura, zailtasuna, blokeko eskalada... Hainbat modalitate daude. Zein duzu nahiago eta zeinetan moldatzen zara hobekien?
Zailtasun eskalada da gehien gustatzen zaidana. Entrenatzaileek denetan ongi molda naitekeela esan izan didate, baina blokeko eskaladan hobeki moldatzen naizela uste dut, denbora gehiena horretan pasatzen baitut.
Noiz hasi zinen eskaladan lehiatzen?
2021eko irailean izan zen. Iruñeko teknifikazio taldean nenbilen eta Nafarroako selekzioarekin Espainiako Eskalada Txapelketako modalitate guztietara apuntatu ginen. 18 urtez azpikoen kategorian hirugarren gelditu nintzen abiaduran.
Eta joan den urtean Espainiako Zailtasun Eskaladan hirugarren gelditu zinen 20 urtez azpikoetan. Hasi berria izateko emaitza onak lortzen ari zara...
Hori ere Nafarroako selekzioarekin lortu nuen. Egia esan,oso pozik nago lortutako emaitzekin.
Nafarroa mailan garaipen gehiago ere lortu dituzu...
2022an, 20 urtez azpikoetan, Nafarroako Abiadura Eskaladan lehenengoa izan nintzen, zailtasun eskaladan bigarrena eta blokean lehenengoa. Baina esan beharra dago ez duela jende askok parte hartzen...
Azken denboraldiaren inguruan, nolako balorazioa eginen zenuke?
Oso gustura gelditu naiz. Ikasketa prozesu bat izan da. Joan den ekainean hasi ginen eta entrenatzaileak soka eskalada txapelketara eraman behar ninduela esan zidan. Onartu behar dut hasieran haserretu nintzela, ez bainuen sokan lehiatzeko prest ikusten neure burua. Ez nekien nola antolatu behar nuen, baina soka eskalada egitera joan eta nahiko ongi bukatu nuen.
«Aurten Nafarroako txapelketarako gogotsu nago»
Lehia gustuko duzu?
Bueno... Lehiatzen ere ikasi egin behar da. Urduritasun handia sentitzen dut txapelketetan eta oraindik horiek kontrolatzen ikasten ari naiz. Momentu bakoitzean zer egiten ari zaren oso ongi jakin behar duzu, galduta bazaude akabo. Dena den, orain arte egin dudana gustatu zait.
Zeinek animatu zintuen lehiara?
Euskal selekzioan egin nituen lagunen bitartez, abiadura eskalada egiteko ikastaro batera apuntatu nintzen. Lehenagotik Espainiako selekziokoak entrenatzen ikusiak nituen eta gustatu zitzaidan. Erik Noya munduko abiadura eskalatzailerik onenetakoa da eta berarekin ibili nintzen ikastaro hartan eta berak asko motibatu ninduen.
Lortutako emaitzek lanean segitzeko indarra ematen dizute?
Bai. Nafarroako emaitza horiek gehienbat lehiara ohitzeko izan ziren. Motibatu ninduena Espainiako I. Soka Eskalada Kopa izan zen. Azken aurrenekoa gelditu nintzen eta orduan motibatu nintzen.
Hurrengo denboraldiari begira zein helburu dituzu?
Denboraldia martxoan hasiko da eta aurten Nafarroako Eskalada Txapelketarako gogotsu nago. Helburua beti hobetzea da. Uste dut aurten 20 urtez azpikoen kategoria desagertuko dela eta hortaz, absolutura pasako naiz. Maila horretan egiten ahal dudan lorpenik handiena finalera pasatzea izanen litzateke.
«Momentu oro zer egiten ari zaren ongi jakin behar duzu»
Zer behar da eskaladan ongi moldatzeko?
Gogoa eta hobetzeko motibazioa. Helbururik izan gabe, berdin-berdin joaten naiz entrenamenduetara.
Eta fisikoaz haratago, mentalki ongi egotea ere inportantea da?
Bai, oso lotua dago. Oso inportantea da burua lasai edukitzea, zeure buruari ezetz esaten badiozu, seguru eroriko zarela.
Elikadura zaintzen duzu?
Elikadura zaintzea garrantzitsua da, baina ez oso zorrotz. Entrenamendu egunetan entrenatzaileak zer jaten dugun bidaltzeko eskatzen digu, baina besterik gabe, gure gorputza kirola egiterako orduan nola dagoen ikusteko da.
Noizbait beldurrik sentitu duzu eskaladan?
Bai, askotan, gehienbat harroketara joaten garenean. Eskalatzen ibili edo ez, edozein momentutan goitik harri bat etortzen ahal zaizu, eta kaskoa izanagatik... Eskalatzerakoan zenbaitetan zintak ere oso urruti izaten dira.