Grebarekin bat egin dute Leitzako Osasun Etxeko langileek

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 16a, 09:00

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek deituta, Nafarroako funtzio publikoko langileen artean greba eguna izan zen atzokoa, eta Leitzako Osasun Etxeko langileek grebarekin bat egin zuten. Osasungintza publikoa eta lehen mailako arreta indartzeko eskatuz, pribatizazioen aurka eta lan baldintza duinen alde bildu ziren. Bestalde, sindikatuek eskerrak eman nahi izan dizkiete «borroka egun honetan parte hartu duten guztiei».

Atzoko greba egunaren balorazioa egin dute sindikatuek. Eskerrak eman nahi izan dizkiete «gurekin bat egiteagatik zerbitzu publikoak eta administrazioko langileen lan baldintzak defendatzeko».

Gaineratu dutenez, «ez gara hasiko eztabaidatzen zenbat langilek egin duten greba; izan ere, ezarri dituzten gehiegizko zerbitzu minimoek ez dute aukerarik ematen ikusteko benetan zenbat langilek erabaki duten lana uztea. Nolanahi ere, kalean bi mobilizazio handi ikusi dira, langile publikoen haserrea zenbatekoa den erakusteko balio izan dutenak».

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari egindako aldarrikapenak ekarri dituzte gogora: «herritarrentzako kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu, baita gure lana egiteko baldintza duinak ere. Sektore publikoan gehiago inbertitu dezatela nahi dugu; ez ditzatela zerbitzu gehiago pribatizatu, eta egin diren pribatizazioak esku publikoetara itzul daitezela; eta itun zabal bat eskatzen dugu administrazioaren, bertako langileen eta gizartearen artean, zerbitzu publikoak blindatzeko». Horren harira, «administrazioarekin benetako negoziazio prozesu bat egin beharra dagoela» nabarmendu dute. Eta administrazioko langileei ere luzatu diete mezua, «helburu horiek defendatzen segi dezaten, benetako emaitzak lortu arte». Greba deialdi hau egin duten sindikatuek adierazi dutenez, «langileekin batera lan egiten segitzeko konpromisoa hartzen dugu, enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko asmoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun