Torturaren inguruko zikloa eginen dute asteburu honetan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 17a, 15:00
Ander Iriarte 'Karpeta Urdinak' filmeko zuzendaria Leitzan izanen da larunbatean. Argazkia: Ataria.eus.

Aste honetan Nafarroa Mendialdeko Torturaren Zikloa Leitzak hartuko du. Ostiraletik igandera, hainbat hitzordu prestatu dituzte, tartean, Nafarroako Torturatuen Sarea Elkartearen aurkezpena eta Karpeta Urdinak dokumentalaren emanaldiak. 

Ostiralean, otsailaren 17an, Nafarroako Torturatuen Sarea Elkarteak aurkezpena eginen du Herri Aretoan, 19:00etan.

Larunbatean, otsailaren 18an, Ander Iriartek torturari buruz egindako Karpeta Urdinak filma ikusteko aukera izanen da Herri Aretoan, hori ere 19:00etan. Film emanaldiaz gain, Iriarte zuzendaria bera eta Nafarroako Torturatuen Sareko kide bat bertan izanen dira eta beraiekin solasaldia izanen da.

Igandean, otsailaren 19an, 19:00etako zinema saioan, berriz Karpeta Urdinak dokumentala ikusteko aukera izanen dute Herri Aretora hurbiltzen direnek. Bi egunetan, dokumentala ikusteko sarrerak online eros daitezke. Kultur bonuarekin 4,50 euro kostako da; online erosita bost euro eta leihatilan sei euro.

'Karpeta Urdinak' dokumentalaren sinopsia

Anderrek, beste askok bezala, aitak komisaria hartan benetan jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere susmoak argitzeko, 1960-2014 bitartean EAEn izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren esparruan egindako proiektua ezagutuko du. Ikerketa honetan argitaratutako emaitzek izututa, proiektuan parte hartu zuten medikuntzan, psikologian, psikiatrian eta abokatutzan aritutako pertsonekin elkartuko da berriro, «tortura psikologikoa», «Istanbulgo Protokoloa» edo «hurbilketa estatistikoa» bezalako kontzeptuak irakasten baitizkiote eta ipar globaleko torturaren errealitatea erakusten baitiote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun