Inauteriak 2023

«Umeekin askoz lasaiago bizitzen dira inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 12a, 08:00

Aurten otsailaren 19tik 25era ospatuko dituzte inauteriak Goizuetan, eta gazte zein heldu, festaz gozatzeko prest daude goizuetarrak

Nola definituko zenuke zeure burua?

Goizuetan bizitzea asko maite duen herritar bat.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendia, ehiza eta familia eta lagunekin egotea gustatzen zait.

Zer dira zuretzako Goizuetako inauteriak?

Gure arbasoen bizimodua erakusteko ekintza polit bat. Zahar eta gazteak elkartu, baserritarrak bisitatu eta mozorroez disfrutatzeko egunak, eta mozorroetan ateraz gero, urteko jairik hoberenak!

Zein da herriko inauterietatik duzun lehendabiziko oroitzapena?

Zahagi dantzarenak, zahagitik eskapo!

Zein izaten da zure jarduera gustukoena?

Orain, mozorroetan atera gabe, zahagi dantza ikustea. Lehenago astelehena izaten zen; baserriz baserri ibiltzea, urtean gutxi ikusten dituzun baserritarrekin egotea, lagun artean eguna mendian pasatzea, zahatotik trago batzuk egitea…

Zein da gogoratzen duzun mozorrorik dibertigarriena?

Kuadrillako mordoska juntatzen gineneko edozein, berdin zuen mozorroa!

Orain gurasoa zarela, beste modu batera bizi dituzu inauteriak?

Bai, dudarik gabe, askoz ere lasaiago: umeekin egun pasa ibili, trago pare bat hartu eta inbidia haundia pasatu mozorroak astelehenean herrira ailegatzen direnean [barrez].

Guraso elkartean zaude. Haurrentzako ekitaldiak antolatzen dituzue?

Bai, inauterietako astelehenean umeentzako ekitaldiak gurasook antolatzen ditugu; mozorro festa, bazkaria, txokolatada…

Lan handia izaten da dena antolatzea?

Ez, talde polita osatua dugu guraso elkartean eta lanak banatuz ederki aritzen gara. Gainera, urteroko egitaraua segitzen dugu gutxi gorabehera.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Nire familiarekin, lagunekin eta zaletasunekin disfrutatzea.

Eta epe luzera?

Ahal den hobekien bizitzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun