Herritarren etxebizitza beharrak ezagutzeko inkesta zabaldu du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 12:00

Goizuetako Udalak Nasuvinsarekin elkarlanean prestatu du galdetegia. Egunotan etxe guztietara banatzekoa dute eta bete ondotik otsailaren 13a baino lehen utzi beharko dute udaletxeko buzoian.

Nasuvinsa sozietate publikoak hutsik dauden etxebizitzen alokairurako eta erosketarako poltsa kudeatzen du, eta Goizuetako Udalak jakinarazi duenez, «garrantzitsua ikusi du Goizuetako beharrak ezagutzea, Babes Ofizialeko Etxebizitza eskaintza diseinatzen laguntzeko eta alokairuaren eta erosketaren premia gero eta handiagoari erantzuteko».

Hori dela eta, galdetegi bat prestatu dute herritarren artean zabaltzeko. Test moduko sei galdera erantzun beharko dituzte herritarrek: sexua, adin tartea, alokairuan zenbat gelako etxebizitza nahiko luketen, erosteko zenbat gelako etxebizitza nahiko luketen, urtean zenbateko errenta duten eta etxebizitza zertarako nahiko luketen. Aste honetan etxez etxe banatzekoa dute galdetegia eta otsailaren 13rako udaletxeko buzoian utzi beharko da.

Galdetegiarekin batera, alokairu sozialerako edo Babes Ofizialeko Etxebizitzetarako indarrean dauden prezio publikoak bidaliko dituzte etxez etxe eta errentaren eta unitate familiarraren arabera, lor daitezkeen dirulaguntzen inguruko informazioa ere zabaldu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun