30 bat lagun elkartu ziren urtarrilaren 23an Goizuetako Udalak deituta, festei buruz hausnartzeko egindako bileran. Udalak jakinarazi duenez, «festei buruzko hainbat galdera jarri ziren mahai gainean, eta taldeka elkartuta bakoitzak bere iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izan zuen».
Besteak beste, «festak beti abuztuaren 14tik 18ra ospatu behar ote diren edo asteburuaren arabera egunak aldatzeko aukerarik izan beharko litzatekeen» aipatu zuten. Gisa berean, «ekitaldi kuttunenak zein diren eta urtetik urtera handiagoa den aurrekontuan nola sartu» ere landu zuten. Azkenik, «festa batzorde egonkor bat sortzeko eta herritarrak bertan parte hartzera animatzeko formulez» ere eztabaidatu zuten.
Udalaren hitzetan, «hainbat gustu, iritzi eta interesetako jendea hurbildu zen» eta hala, bildutako ideiak «askotarikoak» izan zirela gaineratu du. Hain zuzen, ideia horiek esku artean hartuko dituzte asteleheneko bileran, «abuztuko festa eder eta parte hartzaileak antolatzen hasteko».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!