Izan dira urteotan pelikula ikusteko aukera gehiago, baina oraingoan 25. urteurrena gogoratu nahi dute. Pelikula egiteko ideia izan zuen eta Unai Zabaletarekin batera gidoilari eta zuzendari lanetan aritu zen Miel M. Elosegi Luzek TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «25 urte joan dira eta filmean aritu ginenak elkartzeko asmoa dugu, filma berriz ikusi eta ondoren elkarrekin tragoxka bat hartzeko».
Apustuak gogoan
Herri kirol eta apustu giroko pelikula da 40 ordu. Benito (Ernesto Arraras) protagonistak apustua egiten du fernandeztar dirudunarekin: 75 kiloko harria bizkarrean hartuta Leitzako mugak egin behar ditu 40 ordutan. Benitok baserria jokatzen du eta fernandeztarrek, berriz, mila duro. Hortik harago, apustuak herrian eta etxean sortutako ondoezak ere ikusarazi nahi izan zituzten. Honela adierazi zuen Zabaletak duela 25 urte Nafarkarian egindako elkarrizketan: «Beste edozein filmetan Benito heroia izanen litzateke, berak apustua irabazi duelako. Baina, nik ez dut hori adierazi nahi. Bera ez da sekulako gizona: ikaragarrizko apustua egin du, baina jokozale eta alproja bat besterik ez da. Balio duena Pakita emaztea (Bihotz Astibia) da, baserriarengatik hainbesteko egiteko gai dena».
Auzolanean
Oso aurrekontu txikiarekin egin zuten, baina horren gainetik auzolanean eta musu truk egindako lana izan zen. 50 bat herritarrek parte hartu zuten eta herritarrei gidoigile, kamera produktore eta aktore lana egitea egokitu zitzaien. 1977ko abenduan bost egunez grabatu eta 1998ko ilbeltzeko inauterietan estreinatu zuten.
Estreinaldiaren arrakasta ere aipatzekoa da, inoiz ez bezalako jendetza bildu baitzen: 400 lagun sartu ziren aretoan, eta ehundik gora gelditu ziren sartu ezinik.