Ur bilketa eta goi hornidurako hoditeria berritzeko proiektua
Proiektua amaitzen ari dira eta 800.000 eurotik gorakoa izanen denez, «berriki onartutako aurrekontuei kopuru hori gehituko» diela jakinarazi du udalak.
Mimukai
Lehen seihilekoan irekiko ditu ateak. Lehen fasea martxan jarriko dute, hau da, hainbat funtziotarako izanen diren bulegoak irekiko dituzte.
Inguruarte
Gaur egun egoera txarrean dagoen Inguruarte eremua berreskuratu nahi du udalak eta kirolerako, jolasteko eta aisialdirako hainbat elementurekin egokitu nahi du. 160.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretarako eta 50.000 euroko dirulaguntza hartuko duela adierazi du.
Energia Berriztagarrien Komunitatea
Proiektuaren bultzatzaile udala eta Goiener direla, laster sortuko dute Leitzeko EBK kooperatiba, eta udalaren arabera, «herritarrak erdigunean izanen ditu».
Erdi Aroko azterketa
Udalak eskatuta, Iñaki Sagredo historialariak hainbat urte daramatza Nafarroako erresuma zaharrak herrian zituen Erdi Aroko defentsa dorreei buruzko azterketa egiten. Udalak aurreratu duenez, aurten ezagutaraziko dute eta publiko orokorrarentzako hainbat euskarritan prestatuko dute.
Kultura eta aisialdia
«Kultur programazioak bere bidea egiten segitzen du hainbat berrikuntzarekin, kultur bonuekin edo hainbat erakunderekin egindako lankidetzarekin», gogoratu du udalak. Bestalde, herriko jaien atala 100.000 eurora igo du eta lehen aldiz, partida propioa prestatu du jaietako sexu erasoen aurkako protokolorako. 10.000 euro izanen dira.
Mendiko bideak
Leitzalarrean mendiko bideak hobetzen ere jarraitu nahi udalak eta «Gorriztaran auzotik Sorogainera doan pista konpontzetik bukatu» nahi du. Horrez gain, mendiko hainbat eremutan ibilgailuen trafikorako sarbidea arautzeko asmoa du.
Gizarte larrialdietarako etxebizitza
Aleman familiak etxebizitza bat dohaintzan eman zion udalari gizarte larrialdietarako erabiltzeko. Eta udalak jakinarazi duenez, «gizarte zerbitzuen esku utzi du eta premia larriko kasuetarako behin-behineko etxebizitza izanen da».
Bateko eta besteko, aurten milioi bat eurotik gorako inbertsioak aurreikusi ditu Leitzako Udalak, eta kopuru gehiena dirulaguntzekin finantzatuko duela gaineratu du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!