Bihar zabalduko dute Euskal Herria Mendi Erronkan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 31a, 18:00

Euskal Herria Mendi Erronkaren IX. edizioa ekainaren 3an izanen da, eta bihar, otsailaren 1a, 10:00etan, lasterketan parte hartzeko epea zabalduko dute. Aurtengo edizioari begira, hainbat aldaketa iragarri dituzte antolatzaileek.

Izen ematea www.ehmendierronka.eus atarian, www.kronoak.comen edo www.rockthesport.comen egiten ahal izanen da. Maiatzaren 6a izanen da horretarako azken eguna. Gainerakoan martxoaren 31ko 08:00 baino lehen izena ematen dutenek 61 euro ordaindu beharko dituzte eta lasterketa erreleboka egin nahi dutenek 75 euro; martxoaren 31tik aurrerakoek, berriz, 71 euro banaka eta erreleboka parte hartzekotan 85 euro.

Aldaketak

Hainbat aldaketa izanen ditu aurtengo Euskal Herria Mendi Erronkak. 67 kilometroko lasterketa egiteko 500 dortsal banatuko dituzte, eta erreleboka edo bikoteka egiteko 60 dortsal. Horrez gain, seniorrak eta beteranoak bateratu eta kategoria bakarra osatzea erabaki dute antolatzaileek. Klub maila kendu dute eta errelebo lasterketan eskualdeko bikotearentzako saria emanen dute.

Bestalde, dortsala jasotzeko derrigorrezko materiala aurkeztu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun