Bertako emagin zerbitzua erabiltzeko deia egin dute Aresoko eta Leitzako udalek

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 31a, 13:00

Zerbitzuak gero eta erabiltzaile gutxiago dituela jakinaraziz oharra kaleratu dute Aresoko eta Leitzako udalek. Zerbitzurik gabe gelditzeko arriskuaz ohartarazi dute eta hala, hori ez gertatzeko erabiltzeko eskatu dute.

Leitzaldeko emagin zerbitzuak 2012ko martxoan zabaldu zituen ateak eta Aresoko eta Leitzako udalek ohar bidez gogoratu dutenez, «tokiko erakundeen eta osasun langileen ahalegin handiaren ondorioa izan zen». Geroztik Aresoko Udaletxearen azpiko aldean izan du kontsulta.

Hilabetean egun batez ematen dute emagin zerbitzua Areson, baina «zerbitzuak gero erabiltzaile gutxiago» dituela ohartarazi dute bi udalek. Egoerarekin kezkatuta agertu dira bi udalak, batak zein besteak oharra kaleratu baitute. Argi utzi nahi izan dute «landa eremuetako biztanleok zerbitzu askotan murrizketak jasan edo maiz hirigunera jotzera behartuta gauden garai hauetan, bertatik bertara eta hirian ohikoak diren itxaron zerrenda luzeak jasan beharrik gabe, gure beharretara egokitu daitekeen emagina dugula eskura, euskaraz artatu gaitzakeena gainera». 

Etxarrira bideratu

Udalek ohar bidez adierazi dutenez, «txanda eskatzen dugunean, lehenbailehen Etxarrira bideratzen gaituzte, presazkoak ez diren hitzorduetarako Areson artatzeko aukera eman ordez». Horrez gain, «inguru honetako emakumezko askok Iruñera joateko joera» dutela onartu dute; «askotan bertan lan egin edo erosketak egiteko bidaia aprobetxatzen dugula argudiatuz». Horrek, ordea, zerbitzurik gabe uzteko arriskua sor dezakeela azpimarratu dute: «Areson arreta jasotzeko eskatzen ez badugu eta egoerari buelta ematen ez badiogu, zerbitzua etetea izanen da hurrengo ondorio zuzena».

«Beste zentroetako emaginen funtzio guztiak» 

Hala, «bertako emagin zerbitzua erabiltzeko eta defendatzeko» deia egin dute udalek; eta gisa honetara, «gainerako Emakumearen Arretarako Zentroetako emaginek eskaintzen dituzten zerbitzu guzti-guztiak gure eremuan jasotzen jarraitzeko dugun aukerari tinko eusteko» eskatu dute. Bide batez, gaiaren inguruan «hausnartzeko» mezua ere luzatu dute eta «eskaera igoko balitz hurbileko arreta hau maiztasun handiagoarekin jaso genezakeela» gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun