Umore Ona eta Lagunak taldeek partida bana irabazi dute Espainiako klub arteko txapelketako Goizuetako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 30a, 13:00
Antton Apezetxea, BeƱat Apezetxea eta Iker Egiguren larunbatean Goizuetan. Apezetxeatarrek galdu egin zuten, baina Egigurenek irabazi.

Goizuetarrak dira orain multzo-buru, tanto aldearengatik

Joan den asteburuan Errioxan bi partidetan nagusi izan ondotik, Umore Onak Espainiako klub arteko txapelketako jardunaldia lehen aldiz Goizuetan jokatu du larunbat arratsaldean. Beraien multzoko lidergoa jokoan izan dute Barañaingo Lagunak taldearekin eta partida bana irabazita, goizuetarrak dira lidergoan tanto aldearengatik.

Buruz buruko partidan, Umore Onako Iker Egigurenek bi jokoak irabazi zizkion Lagunak taldeko De la Torreri (10-7, 10-1). Binakakoan, aldiz, Umore Onako Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak bi jokoak galdu zituzten Lagunak-eko Amiano eta Taintaren kontra (5-10 eta 8-10). Goizuetako taldeak, beraz, 33 tanto egin zituen eta Barañaingoak 28.

Otsaileko lehen asteburuan atseden izanen dute Umore Onakoek. Otsailaren 10eko asteburuan berriz Errioxako Calcetaense izanen dute kontrario, kasu horretan herrian eta otsaileko azken asteburuan Lagunaken aurka ariko dira Barañainen, lidergoa jokoan seguruenik.

Bigarren maila honetan, multzo bakoitzeko lehen taldea sailkatuko da martxoaren 4an eta 5ean jokatuko den azken faserako eta txapeldunak lortuko du lehen mailara zuzenean igotzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun