'Eskola bidean Tibur otsoarekin' ipuina argitaratu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 29a, 10:00

Ipuinaren azala eta kontrazala. Irudia: Leitzako Udala.

Mugikortasunaren aldeko lanketan beste pauso bat eman du Leitzako Udalak, eta Erleta eskolarekin elkarlanean, haurrak eta gazteak eskolara oinez joatera bultzatzeko Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuina egin dute.

Azken aldian Itzaire Haur Eskolara eta Erleta eskolara «seme-alabak autoz eramateko joera handitu» dela ikusi dute Leitzan, eta horrek «errepideetan arazoak sortzeaz gain, oinezkoentzat arriskua biderkatzen» duelako hasi dira lanean, «irtenbide bat ematea beharrezkoa» dela iritzita.

Bi eskolak herrigunean bertan direnez, «haurrak eta gazteak eskolara oinez joatera bultzatu» nahi dituzte Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuinarekin. «Haur eta gazteak eskolara oinez joatearen onurez jabetu eta horretara animatu eta gurasoak eskola bidea bide segurua dela kontzientziatuz haien seme-alabak horretara bideratzeko asmoz sortutako ipuina da». 

Ipuina elkarlanaren emaitza izan da. Ideia Leitzako Udalarena bada ere, ipuinaren istorioa eta otsoaren izena Erleta eskolako ikasleek idatzi eta aukeratu dute eta irudiak, berriz, Erleta eskolako gurasoa den Unai Ruiz artistak egin ditu.

Proiektu honen bidez, «herrian barrena eskolara bide seguruak markatuko dituzten ikur eta irudiak» jarriko dituztela iragarri du Leitzako Udalak, «ea horrela pixkanaka gaiaren inguruko kontzientzia hartu eta Leitza oinezkoen herri egiteko pausoak ematen ditugun guztion artean».

Ipuina leitza.eus atarian eskura daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun