Joanes ILLARREGI MARZOL

«Finalera gozatzera eta jolastera joan nintzen, galtzeko deus gabe»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 28a, 08:00

Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatu duen zortzi bertsolarietako bat da leitzarra. Txapelketaz, finalean sentitutakoaz, finalaren eraginaz eta bertsolaritzaz aritu da 

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletik hilabete pasa denean, oraindik bere burua kokatzen ari da Joanes Illarregi Marzol Leitzako bertsolaria. Gustura dago txapelketan egindako lanarekin, finalean kantatzeaz gain txapelketan «gozatu» duelako. Hemendik aurrera helburu berbera du, plazaz plaza eta herriz herri gozatzen segitzea.

Elkarrizketa egiten ari garen unean, ia hilabete pasa da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletik. Nola zaude? 

Esango nuke gehienbat oraintxe hasi zaidala ajea edo nekea etortzen. Txapelketa bukatu, eta segituan oporrak ailegatu ziren lanean behintzat, baina deskonektatzeko tarte askorik ez dut izan Gabonetan finalisten saioak eta bestelako saioak izan ditudalako. Baina ongi nago, egia esan gehiegi pentsatu gabe eta balorazio bat guztiz egin gabe. 

Nola bizitu dituzu txapelketako hiru hilabeteak?

Txapelketaren prestakuntza aurretik hasten da. Prestatzen gogotsu hasi nintzen eta luze samar egin zaidala esango nuke. Saiotik saiorako hiru hilabete horiek hasieran gogotsu bizi nituen, inoiz baino gertuagotik. Gero, batez ere Elizondoko saiotik Bilboko saiora 40 egun pasa ziren eta oso-oso luze egin zitzaidan. Bestela, egunerokotasunean lanean ibili naiz, baina, gehienbat inertziaz eta burua erabat txapelketan neukala. 

Egin dezagun gibelera abenduaren 18ra. Nola sentitu zinen Nafarroa Arenako oholtzan?

Ni oholtzan txapelketako guztiko erosoena gehiegitxo esatea izango da, baina oso eroso sentitu nintzen. Gehiago inpresionatu ninduen plazak aurreko egunean jenderik gabe egunean bertan baino. Egunean bertan, kristoren plaza zen kantatzeko eta esperientzia bezala ederra izan zen. Aurretik publiko bezala bizitu izan dut finala eta imajinatu izan dut zer zen hor kantatzea, eta nik uste nuena baina gutxiago eragin zidan. Baina, bai egia da hunkigarriagoa dela goitik behetik baino. 

«Finaleko oholtzan oso eroso sentitu nintzen»

Nola oroitzen duzu Nafarroa Arenara sartu zinen unea? Bide luzea egin behar izan zenuten oinez oholtzaraino. 

Hori izan zen zirrara gehien eragin zidan momentua eta emozionalki gehien ukitu ninduena. Oinez bide hori egitea eta hainbeste jende, denak zutik, txaloka, oihuka… ikustea. Aurretik abisatu ninduten: 'Luzea egiten da eta zu saiatu burua tente mantentzen, kostatzen da baina mantendu burua tente, begiratu jendeari, hartu hortik energia'. Hori lortu nuen, postura mantentzea. Zure burua ikustea bertze munstro horiekin oholtzara igotzen eta hainbeste jende behean bada bertsotarako txute bat ematen dizun zerbait. 

Lehen finala izanagatik, itxuraz tenple onean sumatzen zintugun. Zein gorputzaldirekin joan zinen? 

Bai, nik esanen nuke bertsotarako nengoela. Egun guztian, gainera lortu nuen gorputzaldi hori mantentzea. Esango nuke txapelketan bi gorputzaldi eduki ditudala lau saioetan zehar: Arrasaten eta Bilbon nik neure buruari jarritako presio batekin erdi lotuta sentitu nintzen, asko gozatu gabe eta lanerako prest. Arrasaten, ez nuelako nahi saio bat egin eta lehenengo asteburuan nire txapelketa bukatzea, eta Bilbon finala esku-eskura neukalako eta esku artetik ihes egiteak pena dezente emango lidakeelako. Elizondora lasai joan nintzen, banekien lehenengo fasea pasatu nuela eta hortik aurrera etortzen zen dena opari bat zela. Lasai nengoen, bertsotarako eta erantzuteko. Eta Iruñean berdin: galtzeko deus gabe, bertsotarako eta jolaserako. Batzuetan gehiago asmatuz, besteetan gutxiago, baina, nik uste elkarrizketak egiten asmatu nuela. Ametsekin ofizioetan hasi eta lehenengo bertso puntuagarrian erantzun egin nionean ikusi nuen bertsotarako nengoela, eta hori aprobetxatzen saiatu behar nuela. 

Gorputzaldiarena entrenatu daitekeen zerbait da? 

Sinistu dezakezu entrenatu dezakezula, baina, gerora oso zaila da. Nik Bilborako uste nuen ez neukala presiorik eta bertsotara egitera joango nintzela, baina, nahi gabe hor neuzkan buruan bueltaka puntuak, finala… Horrek baldintzatzen du zer gorputzaldirekin joaten zaren. Nik uste dut zaila dela kontrolatzen, gehiago dela segun zer momentutan harrapatzen zaituen, eta nola zauden. Ni txapelaren bila joan banintz, ez nukeen hain  gorputzaldi ona edukiko, baina ni ez nindoan horretara. Ongi pasatzera joan nintzen eta horrelako plaza batean erakustera Joanesek nola egiten duen bertsotan eta arrastoa uztera. Nik uste horretara joanez gero errazagoa dela gorputzaldi ona bilatzea, helmuga batzuk jarrita baino. 

 

 

Joanes Illarregi Marzol Iruñeko finalean kantari. Irudia: Alberto Elosegi, Xenpelar Dokumentazio zentroa.

Denera 28 bertso puntuagarri kantatu behar izan zenituzten. Zeinetan sentitu zinen zu gusturen?  

Goizean seiko motzean Aitor Mendiluzerekin eta arratsaldean hamarreko txikian Beñat Gaztelumendirekin. Lehen esandakoagatik, asmatu nuelako elkarrizketa egiten, eta ez nik bakarrik, bestea ere elkarrizketarako zegoelako eta lortu genuelako izugarriko pisua eduki zezaken eta izugarrizko drama egin zitekeen gai batzuetan elkarrizketa lurtar  eta normal batzuk egitea bertsotan. Bakarkakoetan egindakoarekin gustura gelditu nintzen, baina sentsazioa dut badauzkadala pare bat buelta emateko bai bertsoaren egiturari dagokionez eta baita diskurtsiboki ere. 

Finalean presioaren eraginez aunitzetan zaila izaten da norberak egin nahi duena egitea. Zer da zuk bertsotan egin nahi duzuna, eta zer finalean erakutsi zenuena? 

Nik bertsotan batez ere gozatu eta ongi pasatu nahi dut. Gero txapelketa ailegatzen denean denak jartzen gara puntuei eta lorpenei begira. Baina, bertsotan gustura aritu eta zure burua gorputzaldi onarekin eta bertsotarako ikustea eta horretan asmatzea baino gozamen gehiagorik ez dago. Askotan erdipurdi ibili eta nahiz eta saioa irabazi ez zara sentsazio onarekin gelditzen. Zurea eman duzula uste duzunean eta zuretik utzi duzula iruditzen zaizuenean gozatzen duzu gehien. Hori nahiko nuke luzatu txapelketatik kanpora ere, hemendik aurrera etortzen diren jaialdi, bertso afari edo dena delakoetan gozatzera eta bertsotara joatea. Finalean nik uste hori erakutsi nuela. 

«Bertsotan batez ere gozatu eta ongi pasatu nahi dut»

Finalerako zenuen helburua betetzat ematen duzu?

Bai. Ni gustura gelditu nintzelako eta hori jaso dudalako bueltan. Jende askok esan dit ikaragarrizko finala egin nuela, beste ekarpen batzuk egin nituela… Hori zen batez ere nire helburua eta gustura gelditu nintzen alde horretatik egindakoarekin. 

Finala aztertzen hasiz gero zure hainbat ezaugarri nabarmendu dira: bertsoaren barrenean elkarrizketarako duzun gaitasuna, gaiaren aitzinean izandako kokapena, puntu erantzunetarako erraztasuna…. Bereziki landu duzun zerbait da, edo zure bertsokeraren parte dira? 

Nik uste bertsolari guztiek dugula gure bertsokera eta hori guztiz-guztiz aldatzea zaila dela. Baina, bai egin daitezke lan batzuk batez ere zure burua herren ikusten duzun parte horietan horiek lantzeko. Bertso eskolan bertsoa estetikoki, metrikoki edo egituraz nola hobetu baino gehiago erreparatu nion gaiak nondik eusteari, zer esan nahi aztertzeari, edo zer bertsokera mota erakutsi nahi nuen pentsatzeari. Hortik landu nuen txapelketa errima lantzetik baino.

Sentitu zenuen finaleko gaietan zer kantatua bazegoela? 

Oro har bai, baina iruditu zitzaidan gauza batzuetan hanka motz ibili ginela. Iruditu zitzaidan topiko edo askotan errepikatu diren batzuk tokatu zirela eta finala badela beste diskurtso batzuk eta gai berri batzuk plazaratzeko oholtza. 

Zertan adibidez? 

Batez ere iruditu zitzaidan, Iruñera, Euskal Herriko finala Nafarroara eramateak daukan edo eduki beharko lukeen garrantzia hori sinbolismo eta kasik-kasik anekdota hutsean gelditu zela gero ez zirelako atera horri buruzko gaiak eta ez zelako baliatu hori beste nazio ikuspegi bat emateko diskurtsiboki. Horren adibide izan daiteke adibidez Nafarroan hizkuntzari dagozkionak: Nafarroa hirutan zonifikatuta egoteak dituen ondorioak, suteak, eolikoak… Horrelako gaiak ez ziren ukitu, eta adibidez guri puntuka tokatu zitzaigun Bilboko Iberdrola dorrea garbitzen ari ginen bi langile ginela. Iruñean gaude, eta burua zer daukagu Bilbon? Edo itsasoari buruzko gai batean ere... Nafarroan gaude eta hemen ez dago itsasorik. Iruditzen zait oraindik ere burua beste toki batean daukagula eta ez dugula aprobetxatu edo ez diogula behar beste etekin atera finala Nafarroara ekarri izanari. Horrek asko dauka emateko eta diskurtso batzuk plazaratzeko plaza ezin egokiagoa zen justu aurten. 

Zu zinen bertsolari gazteena. Sentitu zenuen belaunaldi zehatz baten ordezkaria zinela? 

Ni ez nintzen hala sentitu, baina publikoaren zati handi batek, batez ere nire belaunaldikoak bai sentitu zezaketela ni ikusita gure belaunaldia irudikatzen zela, ni hor egote horrekin. Nik ez nuen hori zama bezala bizi izan. Nerea Ibarzabal ere hortxe zegoen, ez da askoz zaharragoa, eta erran daiteke belaunaldi berekoak ere bagarela. Nik uste dut modu positibotik, freskotasuna, arnas bat ere izan zitekeela hiru aurpegi berri egotea finalean. 

Bilboko saioan lortu zuen finalerako txartela Illarregik. Irudia: Gari Garaialde, Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Gazteena eta nafarra. Finala Nafarroan izanda pisu berezia eragin dizu horrek?

Ez. Nik pisu bezala ez dut bizi izan hori. Nik uste sinbolikoki polita izan dela txapelketa horrela egiten denetik lehenengo aldiz nafar bat pasatu izana. Nik horri beste irakurketa bat egiten diot. Mahaian kolpe bat eman dugula ez dugu esango, baina txapelketa Nafarroako bertsogintzaren eta Nafarroako bertso mailaren isla izan daitekeela iruditzen zait: bost bertsolari sailkatu eta lehenengo aldiz historian finalaurrekoen bigarren itzulian hiru nafar egotea, ni finalean izatea eta zortzigarrena —Julio Soto— finaleko atean izatea, Saioa Alkaizak egindako txapelketa jende aunitz gelditu delako berak egindako lanarekin… Nik uste dut balio izan duela bertso munduak edo orokorrean entzuleak Nafarroako bertsogintza beste begi batzuekin ikusteko. 

Finalaren aitzinetik egindako elkarrizketa batean erran zenuen sare sozialak kendu zenituela txapelketa garaian. Nola bizi izan duzu hori? 

Kendu nituen bai, baina beti ailegatzen zaizkizu gauzak, eta nahiz eta hortik ihesi joan begiratzen bukatzen dituzu. Nik uste dut erlatibizatzen jakin behar dela. Jendeak ez daukan zilegitasuna hartzen du eta edozer esaten du sare sozialetan. Jende horrek guztiak aldare batetik hitz egiten du egia absolutuaren jakitun izango balira bezala. Oholtzan esan ezin duenak sare sozialen bidez esaten du. Bakoitzak bere interesak edukiko ditu: batzuek bere gustukoa edo gertukoa famatzea eta edozer eginda ere zerutara igotzea, beste batzuek ez zaituzte gustuko izanen eta zure kontra joanen dira besterik gabe, eta gehienak txapelketan sortzen den olatu mediatiko hori aprobetxatu eta bere burua famatu nahi dute. Behin baino gehiagotan izan dut gogoa erantzuteko, baina isilik gelditzea hobe da, bestela zilegitasun bat ematen diozulako eta nahi dutena lortzen dutelako: zuk edo beste norbaitek erantzutea eta hor azaltzea eta bere izena bolo-bolo ibiltzea. Norbait etortzen bazait eta aurpegira esaten badit ongi iruditzen zait eta hitz egingo dugu eztabaidatuko dugu, baina sare sozialetan publikoki edozer esan eta zure bizitzarekin lasai ederrean segitzeak ez dut uste ezertarako balio duenik.

«Nire asmoetan ez zen sartzen finalean kantatzea»

Zuk nola prestatu duzu txapelketa? Leitzako bertso eskolan elkartzeaz gain Hernanin ere bildu zarete txapelketa prestatzeko, ezta? 

Txapelketa hasi aurretik nire asmotan ez zen sartzen finalera iristea. Bai ahalik eta urrutien iristea baina finala ez nuen pentsatu ere egiten. Ez dut Nafarroakoan edo beste txapelketa batean egiten ez dudan beste ezer egin, ez naiz koaderno baten parean jarri. Egia esatea nahi baduzu,  albisteak ere esango nuke inoiz baino gutxiago jarraitu ditudala. Batez ere elkartu eta bertsotan egin dut. Ez bertsotan edozer bota eta eseriz, baizik eta hitz eginez: gaiak zer ikuspuntutatik hartu daitezkeen ikusi, zer kantatu pentsatu... baina batez ere kantatu. Hernanin Aitor Mendiluze, Agin Laburu, Unai Agirre eta Nerea Elustondorekin elkartu naiz eta Leitzan betiko bertso eskolakoekin. 

Txapelketa hasi aitzinetik aldizkari honetan bertan erran zenuen helburua gozatzea zela. Oro har, txapelketan gozatu izanaren sentipena duzu? 

Bai. Bi saiotan lan egitea eta gehiago sufritzea tokatu zait eta bertze bitan kantatu eta kantatzen gozatzea. Orokorrean balorazio oso positiboa egiten dut, sufritzea tokatu zaidan momentutan horri bueltan eman, eutsi eta bertsotan jarraitzea lortu dudalako eta ahal zen neurrian erori gabe. Beti ezin da gustura eta eroso sentitu eta deseroso zauden momentuetan ahal den hoberena emateak ere badauka bere balioa. Orain ea zer aje uzten duen txapelketak. Txapelketak ez nuke esango hurrengo urteko plaza markatzen duenik, baina aukera bat ematen dizu hasieran behintzat plaza batzuk egiteko eta horietan zurea ematen baduzu aurrerago beste batzuk izateko. Orain horretan zentratu nahiko nuke, gozatu eta ahal den hobekien egin. 

«Bertsolaritza da txikitatik gehien gustatzen zaidana»

Aipatu duzu finalean egoteak plaza gehiago ematen dituela. Nola joan dira orain arteko plaza horiek, eta nola ikusten duzu heldu den denboraldi hau? 

Nik uste ematen dizula aukera bat, baina, aurretik final dezente kantatuko batek erran zidan txapelketa ez dela aseguru bat lau urtetarako. Behin finalera ailegatzeagatik ez dituzu lau urtetan 100 plaza egingo urtero, kreditu bat da. Hasieran aukera bat da saio batzuk egiteko eta horietan erantzuten baduzu, ongi aritzen bazara eta jendea gustura badago zurekin horrek ekarriko du etorkizunean plaza gehiago edukitzea. Jada nabaritzen ari naiz urte hasierarako deiak beste urtetan baino gehiago izaten ari direla, hala ere ez nuke esango esajerazio bat denik ere. Orain arte izandakoak finalisten saioak izan dira batez ere. Ongi, gustura aritu naiz, baina, baita neke puntu batekin ere deskantsatzeko modurik gabe, kasik egunero izan ditugulako. Horrek nekea ekartzen dizu eta beti %100ean ezin da egon. Beste lasaitasun batekin eta konfiantza batekin aritu naiz saioetan eta zerbait uzten saiatu. 

Zein bide egin nahiko zenuke bertsolaritzan? Non ikusten duzu zure burua?

Oso-oso urrutira ez nuke jarri nahiko begira. Epe motzera behintzat, txapelketak ematen dituen plazez disfrutatu nahi dut ahalik eta gehien. Ofizio guztietan edo bertso guztietan dena ematea zaila da, baina nonbaitetik deitzen zaituztenean, antolatzaileak edo entzuleak zu entzun nahi zaituelako izaten da eta nahiko nuke joaten naizen lekuan publikoari merezi duena eskaintzea eta ahal den neurrian asmatzea. Zenbat eta plaza gehiago eta aukera gehiago izan hobe hau delako txikitatik gustatu zaidana. Nire afizio handiena da bertsolaritza eta nik horretan gozatzen dut. Disfrutatu nahiko nuke plazaz eta ikusi zer etortzen den eta datorrena hartu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun