Basozainen bulegoa itxi izana salatu dute Aranoko, Aresoko, Goizuetako eta Leitzako alkateek Nafarroako Parlamentuan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 11:30
Unai Miranda Goizuetako alkatea, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea, Joxe Otermin Aresoko alkatea eta Joxan Ruiz Aranoko alkatea herenegun parlamentuan egindako lansaioan.

Lau herrietako alkateek Nafarroako Parlamentuko lansaio batean parte hartu dute aste honetan, eta basozainen bulegoa itxi izana salatu dute. Berriz irekitzeko eskaera egin dute, eta horrekin batera, zerbitzua indartzeko eskatu dute.

Lau herrietako alkateen izenean, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak hartu zuen hitza herenegun parlamentuan egindako saioan. Besteak beste, hamarkada askotan Leitzako Udaletxean basozainen bulegoa izanda, «zerbitzuak beti duen garrantzia handia» nabarmendu zuen, «eta orain, gure mendien eta basoen egoera kezkagarria ikusita, are garrantzitsuagoa».

Aurrekariak

Atzera begira, azken urteotan Nafarroako Gobernuak zerbitzua murriztu izan duela kritikatu zuen: «behin baino gehiagotan bulegoa ixteko asmoa azaldu izan dute. 2019an bulegoa ixteko saiakera egon zen, eta Leitzako Udalaren desadostasunagatik azkenean irekia mantentzea erabaki bazuten ere, herritarrei zerbitzua eskaintzeko ordutegia asko murriztu zuten, astean soilik bi orduko zerbitzua eskainiz». Abenduaren 20an itxi zuten bulegoa, eta aurretik, abenduaren 15ean, Itziar Gomez kontseilariarekin bilera egin zutela gogoratu zuen Zabaletak, «baina ordurako erabakia irmoa zela adierazi zigun». Geroztik, Irurtzunen zentralizatua dute basozainen bulegoa, Zabaletaren hitzetan, «gure eskualdetik kanpo, bi eskualde oso barne hartzen dituen zonifikazioan: Sakana eta Larraun-Leitzaldea».

Gobernuaren arrazoien aurrean udalen desadostasuna

Gobernuak bulegoa ixteko hartutako bi arrazoiak ere baztertu zituen Leitzako alkateak agerraldian. Arrazoi horietako bat «azken sei hilabeteetan herritar bakarra joan dela bulegora eta praktikan ez zuela zuzeneko zerbitzurik eskaintzen» izan da. Datu hori gezurtatu nahi izan zuen: «herritarren zerbitzura jarritako bi ordu horietan bakarrik oinarritutako datua da. Normalean, herritarrek basozainari deitu eta bulegoan hitzordua adosten dute, haiei ongi datorkien momentuan. Datu horiek ez dituzte kontuan hartu».

Bestetik, «gobernuak dio bulegoa ixtearen oinarria antolakuntza arrazoiengatik hartu duela batez ere, duela urte asko hasitako zonifikazio berri bati erantzuten dion antolaketa berria dela zentralizazio berri hori». Bada horri erantzunez, «lurralde antolaketa honek basozainak gure mendi eta basoetatik urruntzen dituela eta erreferentziazko bulegoa eskualdetik kanpo kokatzen duela» kontatu zuen Zabaletak: «Irurtzun eta Aranoko herrien artean, ordu bat eta hamabost minutuko tartea dago. Orain arte baino 25 minutu gehiago. Honek denboran eta kilometrajean izanen duen eragina kontuan izan al da?».

Gaineratu zuenez, «gobernuak duela asko hasitako antolaketa bat dela esan du, baina azken urteotan gauza asko aldatu dira eta zonifikazio berri horrek ez ditu hainbat arrazoi kontuan hartu». 2019ko Tokiko Mapa berria ez dutela kontuan hartu nabarmendu zuen. Gehiago ere bai. «Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bi gauza nahasi dituela» aipatu zuen alkateak: «gauza bat da basozainen lantaldeak antolatzea, basozainen barruko antolaketa efizienteagoa bilatzeko asmoz; eta beste gauza bat da eskualdeko erreferentziazko bulego bat ixtea eta eskualdetik kanpo uztea».

Ondorioak

Despopulazioarekin eta biztanleriaren zahartzearekin duten arazoa ere mahai gainean jarri zuen Zabaletak: «Bulegora zuzenean jotzen zuten gehienak adinekoak zirela kontuan hartuta, horrelako erabaki bat hartzeak eragin handia du gure herrietan. Aurretik ere hainbat zerbitzu publiko murriztu izan zaizkigu eskualdean eta joera horrek kalte izugarria eragiten du gure herrietako biziraupena jokoan dugun garai hauetan. Landa eremuan zerbitzu publikoak mantendu eta indartzeko apustua egin gabe, ezinezkoa da despopulazioari aurre egitea».

Bestetik, aldaketa klimatikoaz ere aritu zen. «Nafarroan inoiz izan diren suterik larrienak izan ditugun urtean, baso komunalaren zaintza gero eta zailagoa den garai hauetan, basozaintzako bulegoa eta zerbitzua indartu ordez ixteko erabakia hartzea, logikak eta zentzuak eskatzen dutenaren kontrako norabidean doa».  Horren harira, «Areso baso suteen arrisku handiko zonaldearen zerrendan» dagoela azpimarratu zuen.

Eskaera argia

Horregatik guztiagatik egin zuten «basozaintzako bulegoa ez ixteko» deia, eta aitzitik, «zerbitzua indartu dezala eta eskualdean dauden gainerako tokiko erakundeekin eta eragileekin elkarlana indartu dezala, gure basoen zaintza eta suteen aurkako neurriak hobetzeko».

Basozaintza Zerbitzuko ordezkariek ere parte hartu zuten lansaioan, tartean, Gloria Giralda zuzendariak, eta Leitzako bulegoa ixteko erabakia «barneko berrantolaketaren ondorio» izan dela adierazi zuen: «Ez da zerbitzuaren murrizketa bat, kontrakoa baizik». Helburua «antolaketa eta herritarren zerbitzua hobetzea» direla aipatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun