Erregulazio espedientearen negoziazioan enpresak izan duen jarrera salatu dute Torraspapelen lantegietako enpresa batzordeek

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 16:15
Artxiboko argazkia. Joan den urtean Leitzan egindako manifestazioko irudia.

Hegoi Bengoetxea Azpirotz Leitzako Torraspapel lantegiko enpresa batzordeko ordezkariak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dionez, ilbeltzaren 7an bukatu ziren enplegu erregulazioko espedientearen inguruko negoziazioak, baina «inolako akordiorik gabe». Gaineratu duenez, «ilbeltzaren 16an hasi ziren aurreneko aldiz Leitzako lantegian jendea etxera bidaltzen».

Torraspapelek estatu mailan dituen bortz lantegietan –tartean Leitzakoan– azaroaren 25ean hartu zuten enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen jakinarazpen ofiziala. Horren ondoren, negoziazio aldia hasi zuten eta ilbeltzaren 7an bukatu zen, akordiorik gabe. Horri lotuta Torraspapelek Leitzan (LAB eta ELA), Zaragozan (OSTA, CCOO eta UGT), Motrilen (CCOO, UGT eta SIMPA), Almazanen (CCOO, OPTAS eta UGT) eta Sant Joan Les Fontsen (DOMUN eta CCOO) dituen lantegietako enpresa batzordeek «enpresaren borondate falta» salatu dute. Bost lantegietako zortzi sindikatuek ohar bateratua kaleratu dute eta diotenez, «enpresaren ordezkaritzak ez du ez jarrera proaktiborik, ez borondaterik erakutsi 1.452 langileoi eraginen digun neurriaren inguruan akordioa lortzeko garaian».

Gehiago kontatu du Bengoetxeak: «Negoziazio garaiko azken bilera egitera Bartzelonara joan ginenean, bost zentroetako zortzi sindikatuetako hamahiru kideak bildu ginen. Leitzako LABek eta ELAk garbi genuen ez genuela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienterik sinatuko. Baina beste sindikatu batzuk sinatzeko asmo garbiarekin joan ziren eta hala adierazi zuten. Enpresaren borondate falta ikusita, ordea, ez zuen inork sinatu, atera kontuak. Enpresari immobilismo dezentea ikusi genion».

«Langileak nahi bezala erabiltzeko asmo ezkutua»

Leitzako lantegian ilbeltzaren 16an sartu zen indarrean ABEE edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea. «Leitzako 356 langileri eragiten digu eta momentuz, 60 joan gara etxera. Baina batek daki heldu den hilean 20 edo 90 izanen garen. Ez dakigu», azaldu du Bengoetxeak. Horixe da, hain zuzen, kritikatu duen beste puntua: «Hilean hilekoa egiten dute. Badakigu urtean, gehienez, 150 egunez joan daitekeela langile bat etxera, baina galdetuko bazenu bakoitzak zenbat eta noiz joan behar duen lanera, ez dakigula esanen genizuke. Are gehiago, 24 orduko aurrerapenarekin alda dezakete egutegi hori, hau da, 24 orduz esan dezakete lanera etorri edo etxera joan». Dena den, Leitzako lantegian «astean behin» eguneratzen omen dute. «Ostiralero deitzen digute heldu den astean zenbatek joan behar dute etxera esanez. Leitzan horrela ari dira, baina beste zentro batzuetan badakigu ez dutela hori egiten».

Horren harira, «egunak arbitrarioki aplikatzeko eta langileak nahi bezala erabiltzeko asmoa» ikusten dute sindikatuek. Bengoetxeak azaldu duenez, «negoziazio mahaian eseri ginenean, bai edo bai gehienez pertsona berari hilabetean 15 eguneko espedientea aplikatu ahal izateko baldintza jarri genuen, langileria osoaren artean banatu nahi genuelako ABEE horren zama, esfortzua denen artean egin. Baina enpresak aurreneko momentutik garbi utzi zuen ezetz». Jarrera horrekin «enpresak, tamalez, bertako langileek ABLE edo ETTko langileen duten malgutasuna izatea» nahi duela susmatzen du Bengoetxeak: «Gaur ez daukazu lanik, eta etxera zoaz. Arrisku hori ikusten dugu».

Bost lantegietako zortzi sindikatuen elkartasuna

Bestalde, elkarlanean segitzeko konpromisoa berretsi du Bengoetxeak eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: «Bost enpresa batzordeetako zortzi sindikatuok erakutsi genuen elkartasuna oso garrantzitsua izan zen negoziazio garaian, eta hemendik aurrera ere garrantzitsua izanen da. Kate bat gara eta hau denon artean atera behar dugu aurrera». Hala, zortzi sindikatuetako hamahiru kideak «egunero» elkarrekin egoten direla gaineratu du «eta gure asmoa elkarlanari eustea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun