Urtarrilaren 27an eta 28an ospatuko dituzte Aresoko inauteriak. Azken bi urteetako erdizkako ospakizunak alde batera utzi eta bi egunez zabalduko da pesta giroa herrian. Ostiralean, eskolako txikienak izango dira mozorrotzen lehenak eta ohikoa dutenez eguerdi partean ikuskizuna eskainiko dute. Arratsaldean, Lagunartekoek herriko eskea egingo dute eta Pake Toki elkartean afalduz borobilduko dute eguna.
Larunbatean gehiago
Larunbatean, baserrietako eskea egingo dute gazteek eta indarrak hartzeko elkartean gosalduko dute. Trikitilariak izango dituzte bidelagun eta azken urteetan bisitatu ez dituzten bizilagunengana, kantu, kontu eta dantza, pesta giroa eramateko gogoz daudela diote.
Baserrietako itzulia osatu ondotik, herrira jaitsiko dira eta bertan herritarrak izango dituzte esperoan karroza desfilea osatzeko. Azken asteetan isilean prestatutako sorpresak eta lau trapurekin azken orduan osatutako mozorroak; denek dute tokia inauterietan. Gauean herri-afaria izango dute Pake Toki elkartean. Afaritarako sarrerakoak, zopa, oilaskoa patatekin, postrea, kafea eta kopa izango dituzte. Txartelak Sastinean egongo dira salgai eta haurrek hamabi urtera arte hamar euro ordaindu beharko dituzte eta helduek hamasei euro. Afalondoan musika izango da eta pesta goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da.