‘Parti Gaua’ antzerkia izanen dute urtarrilaren 27an Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 25a, 18:00

'Parti festa' antzezlana ikusgai izanen da ostiral arratsaldean Goizuetako udaletxeko ganbaran.

Ostiralean 19:00etan hasiko da emanaldia udaletxeko ganbaran

LAGA Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, ostiral honetan, urtarrilaren 27an, Parti Gaua antzerkia izanen dute Goizuetako udaletxeko ganbaran. Helduentzako hitzordua da eta 30 bat minutuko iraupena izanen du. 19:00etan hasiko da.

Parti Gauaren helburua gazteek gai publikoetan parte har dezaten sustatzea da, antzerki-formatua erabiliz. Horren bidez, testuinguru informal eta lasaian gazteen artean hausnartzeko eta trukatzeko gune bat sortu nahi da.

«Gazte talde batek bere udalaren proposamen bat jaso du: udalerriko erabilera anitzeko zentroko instalazioak eta jarduera-programa nolakoak izanen diren zehaztea. Gauza bakarra egin behar dute… Ados jarri».

Luis Tarrafetak idatzitako gidoia oholtzaratuko dute, Oscar Orzaizen zuzendaritzapean. Funtsean, gazte talde baten ohikotasuna zalantzan jartzen duen proposamen bat planteatzen du antzezlanak, 30 minutuko tartean: «Saiatzen gara ala hobe da pasatzea? Zerbaitetarako balioko al du ahaleginak? Adarra jotzen ari zaizkigu?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun