Etxebizitzari buruzko herri batzarra eginen dute larunbatean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 12:00
Goizuetako ikuspegia Luis Elizegik ateratako argazkian.

Hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dituzten egitasmo eta proiektuen berri emanen dute

Etxebizitzaren gaia azken aldian herritarrek asko aipatzen duten kontua dela ikusita, udalak gaiari lehentasuna eman eta batzarra antolatzea erabaki du. Larunbat honetan, hilaren 28an, eginen du, 11:00etan udaletxeko ganbaran. Udalak garbi du «despopulazioari aurre egiteko ezinbestekoa dela herrian dagoen eskaerari erantzuna ematea», eta hala, batzar horretan «hurrengo hilabeteetan martxan jarriko diren egitasmoen berri» emanen duela iragarri du.

Besteak beste, ospitaleko proiektua aurrera ateratzeko lanean dihardu udalak. Bere hitzetan, «Nasuvinsaren laguntzarekin, Navarra social housing planaren bidez eraikina eraberritu eta etxebizitzak alokairuan jartzeko aukera dago». Baina horren aurretik Nasuvinsak duen datu basea eguneratu behar da, «goizuetarrek dituzten beharrak ezagutu ahal izateko. Goizuetan oso jende gutxi dago Nasuvinsko datu basean alta emanda». Batzarrean datu base horretan alta emateko laguntza emanen dute.

Bestalde, promotore pribatu batek etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat jarri nahi omen du martxan eta horri buruzko azalpenak ere emanen dituzte.

Honez gain, herritarren beharrak ezagutzeko galdetegia egiteko asmoa dute. Batzarrera hurbiltzen direnei emanen diete eta ondoko astean ere izanen da galdetegi hori betetzeko aukera.

Udalaren hitzetan, «herriaren etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko gunea izanen da batzarra». Hala, herritarrei joateko gonbita egin die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun