Jaun eta jabe izan dira Umore Onako pilotariak Espainiako klub arteko pilota txapelketako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 23a, 13:00
Antton Apezetxea, BeƱat Apezetxea eta Iker Egiguren Santo Domingo de la Calzadan. Ez zuten arazorik izan bi partidak irabazteko.

Bigarren mailako txapelketako bi partidak erraz irabazi zituzten goizuetarrek Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa)

Espainiako klub arteko pilota txapelketan hasi da Goizuetako Umore Ona taldea larunbat honetan, urtarrilak 21, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa). Zehazki, Calcetaense taldea izan dute arerio eta bi partidak erraz irabazi dituzte. Banaka Umore Onako Iker Egigurenek Calcetaenseko Diazi (10-1 eta 10-0) irabazi zion eta binaka, Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak 10-1 eta 10-1 irabazi zieten Capellán eta Capellán-i. Beraz, errioxarrek hiru tanto besterik ez zuten egin bi partiden artean.

Bigarren mailan, hiruna taldeko lau multzotan banatuak daude: Umore Onaren C multzoan, Errioxako Calcetaense eta Barañaingo Lagunak ari dira. Joan den asteko lehen jardunaldian bi partidak irabazi zizkion Lagunakek Calcetatenseri eta atseden izan zuen Umore Onak.

Larunbatean Errioxan jokatu ondotik, txapelketa honetako hirugarren jardunaldia Goizuetan jokatuko dute hilaren 28an Umore Onak eta Barañaingo Lagunak-ek. Lehia 18:00etan hasiko da eta multzo honetako lidergoa izanen dute jokoan.

Otsailaren 4ko asteburuan atseden eguna izanen dute berriz Umore Onakoek. Otsailaren 10eko asteburuan berriz Calcetatense izanen dute kontrario, kasu horretan herrian eta otsaileko azken asteburuan Lagunaken aurka ariko dira Barañainen.

Bigarren maila honetan, multzo bakoitzeko lehen taldea sailkatuko da martxoaren 4an eta 5ean jokatuko den azken faserako eta txapeldunak lortuko du lehen mailara zuzenean igotzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun