Inauteriak 2023

Mozorro pesta lehertu da Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 23a, 14:00

Ostiralean egin zuten inauterien edo Leitzan esaten duten bezala, ihoteen aurreneko seinalea, eta geroztik pesta betean dira leitzarrak. Atzo gurdien desfilea egin zuten eta gaur goiza eskean pasatu ondoren, eguerdian eskelariek bazkaria eginen dute Aurreran. Arratsaldean umeen kalejira izanen dute.

Argazkiak: Pablo Feo eta Mikel Illarregi.

Hotzari aurre egiteko modu ezin hobea aurkitu dute Leitzan: inauteriak gogotsu eta umore ederrean ospatzea. Ostiralean hasi ziren ospakizunekin. Erleta eskolako ikasleek emanaldia egin zuten eta ondoren kalejiran ibili ziren.

Larunbatean Aurrera elkartean eskelariek bazkaria egin zuten eta ondoren herriko auzoetan eskean ibili ziren. Horrez gain, Ados klubeko pilotariek Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatu zituzten Amazabal pilotalekuan, tartean Iturriaga eta Zabaleta herritarrek. Hurbildutako pilotazaleek bi herritarren garaipenarekin gozatzeko aukera izan zuten, baina gogotik sufrituta. Larunbata borobiltzeko, Atekabeltzen karaokea izan zuten.

Igandean, berriz, era askotako mozorroekin eta gurdiekin atera ziren leitzarrak desfilera, eta horiek ikustera jende asko bildu zen. Ondoren bazkaria izan zuten eta arratsaldean musika DJ Oixanirekin.

Gaur eta bihar ere inauterietako egun haundiak dituzte Leitzan. Goizean Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu auzoetan eskean ibili dira txistulariekin eta Incansables txarangaren laguntzarekin. Eguerdian Aurreran bazkaria egitekoa dute eta arratsaldean umeek hartuko dute pestaren lekukoa. 17:00etan kalejiran aterako dira trikitilariekin. Denok Bat Guraso Elkarteak 18:00etan txokolate beroa emanen du musika eskolako fanfarreaz alaituta. Edozein trapu zahar jantzi eta parte hartzeko deia egin du. 19:00etatik 22:00etara DJ Oixanirekin musika izanen dute.

Astearte goizean, alde batetik, eskelariak Erasote auzoan ibiliko dira txistulariekin, eta bestetik, 11:00etatik 13:00etara puzgarriak izanen dira frontoian. 14:30ean eskelariek bazkaria eginen dute Aurreran, eta 16:00etatik 18:00etara puzgarriak jarriko dituzte berriz frontoian. 18:30ean abiatuko da atsaureen kalejira. Herriko musikarien laguntzarekin eginen dute bidea. 20:00etatik 22:00etara eta 23:30etik 01:00etara Gabenara taldearekin dantzaldia izanen dute plazan.

Asteazkenean, bestondoa umore onean pasatzeko, Denok Bat Guraso Elkarteak Ekain pailazoa gonbidatu du Leitzara. Aho bete hortz ikuskizuna emanen du 17:00etan Herri Aretoan. Sarrera orokorra zazpi eurokoa izanen da eta guraso elkarteko kideek bost euro ordaindu beharko dituzte. Sarrerak 45 minutu lehenagotik leihatilan jarriko dituzte salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun