Manex Moreno

«Ikusezina bistaratzeko aukera ona izan da 'Ertzak leuntzen'»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 22a, 08:00

Manex MORENO UHARTE, Leitzako dokumentalgilea

Joan den azaroan Leitzan estreinatu zuten Ertzak leuntzen dokumentalaren egilea da. Pozik dago izan duen erantzunarekin eta dagoeneko hainbat bazterretatik hartu du emanaldiak egiteko deia.

Etorkizunera gehiegi begiratu gabe, momentua bizitzea maite du Manex Moreno Uhartek (Leitza, 1997). Dioenez, «etorkizunera begiratuta estutu egiten zara, eta gazteen errealitatea ikusita ez da ideiarik hoberena». Momentuan momentuko nahiei eta erronkei erantzutea gustatzen zaio. 

Besteak beste, Katez musika taldeko gitarrista da, eta hainbeste maite duen zaletasun horri bidea emanez, soinuari lotutako goi mailako ziklo bat egin zuen Batxilergoa bukatutakoan. «Batxilergoan ez nintzen oso ikasle ona eta ez zitzaidan gehiegi gustatzen ikasten genuena. Ez nekien zer ikasi eta soinua musikarekin lotua dagoenez, hortik segitu nuen». Handik unibertsitatera jo zuen; «lan mundurako aukera gehiegirik ez zegoela ikusita, ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egitea erabaki nuen». Bide horretan «geroz eta gusturago» sentitu zen eta horregatik erabaki zuen koska bat gehiago egitea; Bartzelonara joan zen dokumentalgintzako masterra egitera. Eta hara non, 25 urterekin ikus-entzunezkoen munduan ibilbide polita osatzen ari da. Ereindakoaren azken alea Leitzako LHL erronkaren eskariz egin duen Ertzak leuntzen dokumentala izan da. Horretaz eta beste hainbat kontuz mintzatu da Leitzako gaztea.    

Nolako dokumentalak egin dituzu orain arte? 

Aurrenekoa karreran egin genuen dokumentala izan zen, Arrasate eta Aramaio inguruan AHTak baserritarrei egindako kalteei buruzkoa. Hurrengoa masterrean egin genuen, El barco que atravesaba la montaña. Katalunian sei emakume bakarrik bizi dira arrantzatik, eta horietako baten bizipenak bildu genituen. Irailean hasi ginen zabaltzen. Horren ondoren, Ertzak leuntzen izan da azkena, profesionalki egin dudan aurrenekoa.

Nola sortu zen Ertzak leuntzen egiteko ideia? 

Ideia LHL erronkako lantaldekoek proposatu zidaten. Bazekiten dokumentalgintza ikasten ari nintzela. Oso proiektu interesgarria egina zuten eta nolabait betikotu nahi zuten. Artxiboan ibilbide guziko irudi pila zituztela eta, dokumental bat grabatzea posible izanen ote zen galdetu zidaten. Ni garai hartan Bartzelonan bizi nintzen, eta banekien zaila izanen zela, baina baietz esan nien. Urte osoan elkarlanean aritu ginen. Herrian zegoen arazo bat bistaratzeko aukera ona izan zitekeela ikusi genuen. 

Manex Moreno ezkerrean kamerarekin, LHL erronkako Iraitz Uriarteri eta Iker Gomezi grabatzen. Argazkia: LHL

Zer moduzko esperientzia izan zen? 

Esperientzia ona. Alde batetik, gogorra eta nekagarria izan zen lan karga haundia izan zelako, baina bestetik, ikasketa prozesu haundia. Uste dut bi aldeak begiratu behar direla. Pozik gaude emaitzarekin eta hori da inportanteena. 

Azaroaren 26an aurkeztu zenuten dokumentala herritarren aurrean. Nolako balorazioa eginen zenuke? 

Aurkezpena ongi atera zen, kasik 200 lagun bildu ziren, eta aurkezpenaren ondorengo feedbacka oso ona izan zen. Grabatutako jendea oso pozik gelditu zen eta ni ere bai jendearen erantzunarekin. Pertsonalki ez nuen disfrutatu dokumenta ikusterako momentuan, ez nintzen lasai egon. Baina bukatuta, jendearen iritzia jakindakoan, pozik gelditu nintzen. Gainera, hainbat emanaldi atera dira eta pozik gaude. Dokumentalak hainbat irtenbide eduki ditzake eta distribuzio lan horietan ilusionatuta gaude.  

45 minutuko dokumentala da. Baina horren atzean zenbateko lana dago? 

Ordu pila bat. Pasa den urtean bi dokumentalekin aritu nintzen aldi berean lanean (El barco que atravesaba la montaña eta Ertzak leuntzen) eta goizez batekin eta arratsaldez bestearekin aritzen nintzen. Irailetik aurrera, ordea, Ertzak leuntzenen azken grabazioekin eta postprodukzioarekin lanaldi osoan aritu nintzen.

Zerk egiten du berezi dokumental hau? 

Herrian dauden mugikortasunerako zailtasunak erakusteaz gain, inklusibitatea bere osotasunean landu nahi izan dugu. Hori izan da helburua. Dokumentala «berezi» beraien etxeko atea ireki diguten protagonistek egin dutela esanen nuke. Beraien egunerokotasuna nolakoa den erakutsi digute, denongan hausnarketa sortuz. Kontzientziazio dokumental bat dela esan genezake.

Beraz, dokumentalak ertzak leuntzeko balio izatea nahi zenuke... 

Ahal bada bai. A eta B talderik ez dagoela ulertu behar dugu, ikuspuntu aldaketa denen onerako dela. Adibide bezala, nik, ustez, ez daukat mugikortasun arazorik, baina egunen batean hanka okertu dezaket eta makuluekin ibili beharko dut egun batzuetan. Momentu horretatik aurrera mugikortasun arazoak izanen ditut. Hemendik aurrera, edozein planteamendu egiterakoan, jendeak bi aldiz pentsatzen badu, garaipen bat izanen da. Ez dezala aurrena proiektua egin eta gero laguntza behar duen jendea badela ohartu. Horregatik diot erronka ez dela hemen bukatu. Jendeak kotxeak aparkatzerakoan, plazak errespetatzerakoan, obra bat diseinatzerakoan edo halako beste hainbat egoeratan ikuspuntua aldatzea da helburua

Esanahi bikoitza du Ertzak leuntzen izenburuak: ertzak edo oztopoak leuntzea eta erdigunean eta ertzetan daudenen arteko mugak leuntzea. Zaila izan da mezu hori ematea? 

Dokumentala elkarrizketek gorpuzten dute. Elkarrizketatuak gaian jasoak dira eta beraien hitzak lotuz mezua helaraztea ez da zaila izan. Izenburuaren metaforak mezu hori biltzen du bere hitzekin. 

Zer egin zaizu hunkigarriena dokumental honetan? 

Asko ikasi dut. Protagonisten esperientzia ezagutu izana eta beraiekin parte hartu izana oso inportantea izan da. Beraien bizitzan eta beraien etxeetan sartu naiz eta modu horretara integratzea oso polita izan da. Denek oso eskuzabal hartu naute.

La ermita pelikulan ere lanean ibili zinen azaroan. Zertan aritu zinen? 

Produkzio taldean ibili nintzen. Produkzioa pelikularen azpiegiturak antolatu behar dituen taldea da, eta ni lokalizazio taldean aritu nintzen. Lokalizazio taldeak grabazioak egin behar diren herriak edo espazioak aldez aurretik prestatzen ditu. Kasu honetan, Areson eta Leitzan aste batez grabatu zuten, eskakizun asko zeuden, eta nire lana grabazioak egiten hasi aurretik grabazioak antolatuak izatea zen.

Zer ikasi zenuen? 

Gauza asko. Ikasketa haundia izan da jendearengana joatea eta beraiekin tratatzea, nola hitz egin jakitea, nola eskatu gauzak, nola eskertu, nola zaindu... Horrez gain, pelikula hau oso maila haundikoa da eta tarte libreetan muturra sartzen saiatzen nintzen teknikoki gauzak ikasteko.

Egiazko istorioek fikziozkoek baino gehiago erakartzen zaituzte edo alderantziz? 

Edukiarekin lan egitea gustatzen zait, mezu bat duten istorioekin aritzea, eta egiazkoa den edo fikziozkoa den ez zait gehiegi inporta. Gaur egun, entretenimenduak askotan deus kontatzen ez duten pelikuletara eramaten gaitu eta hori ez zait gehiegi gustatzen. Horregatik askotan banatzen ditut entretenimendua eta zerbait kontatzen duten istorioak.

Dokumentalak eta pelikulak bereizi behar dira? 

Ez, niretzako denak berdinak dira. Dokumentalak ere pelikulak dira. Dokumentalaren helburua zerbait kontatzea da eta hori fikzioaren bidez ere egin daiteke. Gai polemikoa da, dokumentalak eta pelikulak desberdintzen saiatzen dira, baina azkenean kontatzeko modua da diferentea dena. 

Zein egoeratan ikusten duzu Euskal Herriko dokumentalgintza? 

Egia esan, hemengoa ez dut oso ezaguna, Katalunian ikasi dut eta hangoa gehiago ezagutzen dut. Baina Iruñean, adibidez, bada Punto de vista izeneko jaialdi bat, dokumentalen sortzaileentzako oso inportantea dena, eta horren bidez, dezente indartzen ari da hemengo dokumentalgintza. Ikus-entzunezko produkzio etxeak ere dokumentalgileentzako eskaintzak egiten ari dira, eta goraka doala esatera ausartuko nintzateke. Gainera, gero eta gehiago kontsumituko dugun zerbait izanen dela uste dut.

Zein dira dokumental on bat egiteko funtsezko osagaiak? 

Hasteko, oso inportantea da kontatu nahi duzun gaian jantzia izatea. Helburua zerbait kontatzea edo mezu bat edukitzea baldin bada, ezin duzu edozein modutara esan. Horregatik, hasieratik ikerketa lan haundia egin behar da. Horrez gain, kalitatea ere garrantzitsua da, bai irudiarena baita soinuarena ere, eta ikuspuntu bat edukitzea ere gustatzen zait. Ertzak leuntzen dokumentalaren ideiak ere aldaketak jasan ditu bere bilakaeran. Hasierako ideia zabaltzen joan da denboran eta horrek gaian gehiago sakontzea ahalbideratu digu. 

Irudiak hainbesteko indarra duen gizarte honetan, gaur egun irudia da zure ustez istorioak kontatzeko manerarik indartsuena? 

Nire ustez, ez. Soinuak ez badu ongi funtzionatzen irudiak indar asko galtzen du. Begira sartzen denak zirrara sorrarazten du, oso bisuala da, baina soinuarekin ere oso efektu indartsuak lor daitezke. Elkarren osagarri dira.  Horregatik esan dut biak kalitate haundikoak izan behar dutela, bietako batek huts egiten badu ikusleak nabaritzen du. 

Zein gai lantzea gustatuko litzaizuke? 

Mundu honetan askotan eskaeraren arabera moldatu behar izaten da. Dena den, gai sozialak gustatzen zaizkit, errealitate bat erakusteko helburua dutenak. Interesa sortzen didan gaia izan behar du, bestela zaila da hainbeste orduz lan egitea.

Etorkizunera begira zein helburu dituzu? 

Ez dut horretan gehiegi pentsatzen. Azken urtea nahiko gogorra izan da, lan asko egin dut eta ordu asko pasatu ditut ordenagailu aurrean. Oraingoz ez dut proiekturik esku artean eta orain lasai egoteko tarte bat hartu nahi nuke. Gero ikus-entzunezkoen munduan lantxoak bilatzen hasiko naiz. Dokumentalgintzako proiektuak izatea gustatuko litzaidake, baina datorrenari eutsiko diot.

 

Manex Moreno Uharterekin labur-labur

Manex Moreno Katez musika taldeko gitarrista da.

  • Zeure burua hitz gutxitan.
    Etorkizunera gehiegi begiratu gabe, momentua bizitzea gustatzen zaiona. Etorkizunera begiratzerakoan, estutu egiten zara, eta gazteen errealitatea ikusita ez da ideiarik hoberena. Datorren erronkari aurre egitea gustatzen zait. Herri mugimenduetan eta erronketan parte hartzea ere gustuko dut, ikasteko gogoz egoten naizelako, eta sozialki jendearekin egotea gustatzen zait. Kirolaria eta musikaria naiz eta orokorrean langiletzat dut neure burua. Baina sufritzailea ere banaiz. Lanen emaitzekin gehiago disfrutatzen ikasi nahi nuke. 
  • Ikus-entzunezko lan bat?
    Asko... Umetan Harry Potterren saga eta gerora, Netflix garaia hasi zenean, Breaking Bad. Dagoen serierik hoberena da. Hiruzpalau aldiz ikusi dut.
  • Zuzendari bat?
    Paul Urkijo.
  • Telebista edo zinema?
    Zinema.
  • Zein genero duzu nahiago?
    Dokumentalgintza.
  • Musika talde bat?
    Bring me the horizon.
  • Kanta bat?
    Berri Txarrak-en Gelaneuria.
  • Zein talderen kontzertua ikusiko zenuke gustura?
    Askorena, baina bat aukeratzekotan berriz ere Berri Txarrak taldearena. 
  • Kirol bat?
    Bizitza osoan futbolean jokatu dut eta futbola. 
  • Amets bat?
    Latinoamerikan barna urte eta erdiko bidaia bat egitea gustatuko litzaidake. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun