Berdintasunari buruzko lan saioekin segitzen dute Leitzaldeko hautetsiek eta teknikariek

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 18:00
Azaro bukaeran Aresoko hautetsiekin egindako saioan hartutako irudia.

«Herrietako politika publiko guztietan berdintasuna txertatzeko asmoz», Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hautetsiei eta teknikariei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu ditu. Aste honetan Leitzako hautetsiek hirugarren saioa egin dute eta otsailaren 23an Goizuetako hautetsien txanda izanen da.

Leitzako hautetsiek herenegun egin zuten berdintasunean aurrerapausoak emateko hirugarren prestakuntza saioa, eguraldiaren iragarpena ikusita, online. Iaz oinarrizko kontzeptuak eta indarkeriaren egiturazko jatorria ezagutzeko saio batekin hasi ziren. Ondoren, zeharkakotasunaren inguruko saioa egin zuten, Amaia Paz gizarte zerbitzuetako berdintasun teknikariaren arabera, «estrategia hori txertatzearen garrantziaz jabetzeko». Aste honetan berriz, «estrategia horretan sakontzeko saioa» egin dute, «kasu praktiko batzuen bitartez praktikara nola eraman ikusiz».

Joan den urte bukaeran Aresoko eta Aranoko herrietan saio bera egin zuten, eta otsailaren 23an Goizuetako hautetsien txanda izanen da.

Teknikariak ere ari dira gaia lantzen. Pazek azaldu duenez, «zeharkakotasuna prozesu politikoa eta prozedura teknikoa izanik, teknikariei zuenduriko saioak ere egin dira eta hurrengoa otsailaren 3an eginen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun