Espainiako klub arteko pilota txapelketan hasiko da Goizuetako Umore Ona taldea larunbat honetan, urtarrilak 21, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa). Zehazki, Calceatense taldea izanen du arerio, 18:00etan hasita. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatzen dituzte, banaka eta binaka. Banaka Umore Onako Iker Egiguren, Calceatenseko Diazen kontra ariko da eta binaka, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea, Capellán eta Capellánen kontra.
Bigarren mailan, hiruna taldeko lau multzotan banatuak daude: Umore Onaren C multzoan, Errioxako Calceatense eta Barañaingo Lagunak ari dira. Joan den asteko lehen jardunaldian bi partidak irabazi zizkion Lagunakek Calceatenseri eta atseden izan zuen Umore Onak.
Larunbat honetan Errioxan jokatu ondotik, txapelketa horretako hirugarren jardunaldia Goizuetan jokatuko dute hilaren 28an Umore Onak eta Lagunakek. Lehia 18:00etan hasiko da.
Otsailaren 4ko asteburuan atseden eguna izanen dute berriz Umore Onakoek. Otsailaren 10eko asteburuan berriz Calceatense izanen dute kontrario, kasu horretan herrian eta otsaileko azken asteburuan Lagunaken aurka ariko dira Barañainen.
Bigarren maila honetan, multzo bakoitzeko lehen taldea sailkatuko da martxoaren 4an eta 5ean jokatuko den azken faserako eta txapeldunak lortuko du lehen mailara zuzenean igotzea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!