551.220 euroko aurrekontua onartu du Aresoko Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 12a, 11:00

Bide eta azpiegiturak hobetzen segitzeari lehentasuna emango dio Aresoko udalak.

225.879 euro inbertsioak egiteko bideratuko ditu eta hainbat proiektu ditu esku artean

Abenduaren 26an egindako batzarrean 2023ko behin-behineko aurrekontua onartu zuen Aresoko udalak: 551.220,16 eurokoa. Aurrekontuaren zati handiena ohiko gastuetara bideratuko da, hala nola, langileen gastuak ordaintzeko eta ongizate eta gizarte zerbitzuetara.

Inbertsioetarako 225.879,10 euro izango dira eta hainbat proiektu dituzte esku artean. Bide eta azpiegiturak hobetzen segitzeari lehentasuna emango dio Aresoko udalak eta dagoeneko lortua dute Urteaga eta Gañarbeko pistetan hobekuntzak egiteko eta Juantoneko Bordatik garbilekura doan Sagastibeltza errekan hodiak sartzeko diru-laguntza bat.

Eskoletxean erabilera anitzeko gela barrutik hornitu, balkoiak berritu eta espazioa erabiltzen hasteko asmoa du. Ur sarean ere izango dira hobekuntzak, ur horniduran bonba bat aldatu eta beste konponketa batzuk egitekoak baitituzte.

Abeltzaintzan, depositu berria jarriko da Perratokieta azpian azienden aska hornitzeko eta baserri batzuetako bidea asfaltatzeko laguntza eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun